Gizartea -
Koronabirusa
520 COVID-19 kasu atzeman dituzte EAEn eta beste 101 Nafarroan
Positibo tasa % 6,5ekoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 6koa Nafarroan.
EITB.EUS
8.041 froga diagnostiko egin zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 520 positiboak izan ziren (% 6,5eko positibo tasa).
Lurraldeka, 90 kasu atzeman ziren Araban, 233 Bizkaian, 196 Gipuzkoan eta kasu bakarra beste erkidego batzuetako pertsonen artean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako oharraren arabera.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 33 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta gaitza duten 130 pertsona daude ZIUetan.
Udalerrietako kasuak eta R0 indizea ez dira astelehenera arte eguneratuko.
Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 101 COVID-19 kasu positibo atzeman ziren atzo, aurreko egunean baino gehiago. Hala ere, positibo tasa bezperako bera edo zertxobait txikiagoa da.
Ostiralean 1.675 proba diagnostiko egin zituzten (1.007 PCR eta 668 antigeno test) eta positibo tasa % 6koa izan zen, Nafarroako Gobernuaren behin-betiko datuen arabera (bezperan % 6koa izan zen).
Astean zehar, Foru Erkidegoak 100 kasutik beherako joera izan du, joan den asteazkenean izan ezik, orduan 116 kutsatu berri atzeman baitziren. Hala, 67 kasu izan ziren astelehenean, 65 asteartean, 116 asteazkenean, 82 ostegunean eta 99 atzo.
Gainera, atzo beste hiru pertsona hil ziren, eta, beraz, guztira 898 pertsona hil dira COVID-19a dela-eta pandemia hasi zenetik.
Sei pertsona gehiago ospitaleratu zituzten atzo Nafarroan. Beraz, 145 lagun daude une honetan ospitaleratuta, horietako 29 ZIUetan.