Gizartea -
EZBEHARRA
Mendizale bat hil da Tologorri mendian, Araban
Erreskatea oso konplexua izan da eta orduak iraun ditu, euria, behe-lainoa eta haizeagatik helikopteroa ezin izan baita bertaratu eta mendizalea non zegoen ez zekiten ziur.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
52 urteko mendizale bat hil da Tologorri mendian, Arabako aldean, konortea galdu, erorikoa izan eta hipotermiak jota, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Aiara udalerrian gertatu da ezbeharra.
Larrialdi zerbitzuek pertsona baten deia jaso dute 13:55 aldera, bere lagunak konortea galdu eta erori egin dela jakinaraziz. Pertsona hori menditik jaitsi behar izan da telefonoak estaldura zuen toki batera, deia egin ahal izateko.
Erreskatea oso konplexua izan da eta orduak iraun ditu, euria, behe-lainoa eta haizeagatik helikopteroa ezin izan baita bertaratu. Gainera, mendizalearen lagunak, behin jaitsitakoan, ez zekien zehatz mehatz non zegoen bere laguna.
Azkenean, Ertzaintzako erreskate taldeak eta suhiltzaileek aurkitu dute gizona baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko. Gorpua gertueneko herrira jaitsi dute, Salmantonera (Araba), eta han, mediku batek ziurtatu du heriotza.
Ondoren, 19:00ak aldera, Gasteizko Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute, eta bertan autopsia egingo diote heriotzaren arrazoia argitzeko.
Bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte Igaratzan (Gipuzkoa)
Bestalde, bi pertsona erreskatatu behar izan dituzte Ataungo (Gipuzkoa) Igaratzako aterpean isolatuta zeudelako; izan ere, lainoaren eta elurraren ondorioz, ezin zuten bidea jarraitu. Azkenik, larrialdi zerbitzuek lur orotako ibilgailu batean jaitsi dituzte.