Gizartea -

IKERKETA

Bizi-itxaropenak markak hautsi ditu EAEn: 86,6 urte emakumeek eta 80,6 gizonek

Eustatek egindako ikerketa baten arabera, ugalkortasuna muga "oso baxuetan" dago, 1,3 jaiotza emakumeko, Europar Batasuneko 1,6aren azpitik.

Bi pertsona heldu kalean zehar. Irudia: pixabay.com
Bi pertsona heldu kalean zehar.
Bi pertsona heldu kalean zehar. Irudia: pixabay.com

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko emakumeen bizi-itxaropena 86,6 urtekoa izan zen 2019an, Europako batez bestekoa baino ia hiru urte handiagoa; gizonena, berriz, 80,6 urtekoa zen. 1976az geroztik, 11,2 urte luzatu da gizonen bizitza eta emakumeena, berriz, 9,7 urtetan.

Gizonek 3,1 hilabete gehiago irabazi dituzte urtean, eta emakumeek 2,7 hilabete gehiago. Bi sexuen arteko aldea 5,8 urtera murriztu da, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera. Duela 25 urte muga hori 8,7koa zen.

Ikerketaren arabera, fenomeno demografikoak aztertzeko adierazleen emaitzek aurreikusten dutenez, EAEko gizonezko jaioberri bat 80,8 urte biziko da eta ezkontzeko % 47ko probabilitatea izango du. Emakumea izanez gero, bere bizi-itxaropena 86,6 urtera arte luzatuko da, ezkontzeko probabilitatea % 50etik gorakoa izango da eta seme edo alaba bakarra izango du. Bi kasuetan, bizitokia hamar aldiz gehiago aldatuko dute bizitzan zehar.

EAEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du etengabe azken urteetan. 1976an behatutako adierazleei erreparatuta (69,6 urtekoa zen gizonen kasuan eta 76,9 urtekoa emakumeen kasuan), emakumeen bizi-itxaropenak 9,7 urte egin du gora, eta gizonenak 11,2 urte. Eustatek adierazi duenez, "gutxi dira hain bizi-itxaropen handia duten herrialde garatuak, batez ere emakumeen kasuan".

Tumoreak dira bizi-itxaropenari begira mehatxu nagusia. Erabat ezabatzea lortuz gero, gizonek 4,4 urtez luzatuko lukete bizitza, eta emakumeek 3 urtez. Arinagoak dira, ordea, kanpoko heriotza-arrazoiek eragindako kalteak.

1,3 jaiotza

Euskadiko ugalkortasuna muga "oso baxuetan" dago beste herrialde batzuekin alderatuz gero; izan ere, 2019an, batez beste 1,3 jaiotza izan dira emakumeko, Europar Batasunean 1,6 baino gutxiago. Portzentai hori oso urrun dago 1976ko batez bestekotik, 2,7 haur jaiotzen baitziren, baita belaunaldiak ordezteko behar diren 2,1 jaiotzetatik. Indizerik baxuena Bizkaian izan da, 1,2 jaiotza izan baitira emakumeko; Araban 1,4 izan dira, eta Gipuzkoan 1,3.

EAEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat amatasunerako batez besteko adin altua da: 33 urte, Europar Batasuna baino ia 3 urte gehiago, eta 1976an baino 4,4 urte gehiago. Arabak beste bi lurraldeek baino batez besteko adin txikiagoa du (32,6 urte); Bizkaiak 33,1 urte ditu, eta Gipuzkoak 32,9.

2019ko ezkontza-tasen arabera egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonen % 46,7ra eta emakumeen % 50,5era iritsiko da; horrek esan nahi du jaitsiera handia izan dela 2001eko indizeekiko ( % 56,1 eta % 59,5, hurrenez hurren).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Eustat