Gizartea -

Epaiketa

Akusatuak Asier Niebla "aurrez aurre" jo zuela deklaratu du epaiketan

Erasoaren egile aitortuak esan duenez, bikotekide ohia "gerritik besarkatzen ari zela" ikusi ostean jo zuen urnietarra, eta "aurrez aurre" egin zuela, akusazioaren bertsioarekin kontraesanetan.

Epaikea, Asier Niebla hiltzeagatik egiten ari diren epaiketan, Donostian. Agazkia: EFE
Epaikea, Asier Niebla hiltzeagatik egiten ari diren epaiketan, Donostian.
Epaikea, Asier Niebla hiltzeagatik egiten ari diren epaiketan, Donostian. Agazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko abuztuaren 12an, Donostian, bikotekide ohiarekin hitz egiten ikustean Asier Niebla kolpatu eta hiltzea leporatzen dioten gizona epaitzen ari dira. Epaiketan esan duenez, bikotekide ohia kasualitatez topatu zuen, eta Urnietako gazteari ukabilkada "aurrez aurre" eman zion, "kontrolatu ezin izan zuen" jelosiagatik.

Prozesatuaren txanda izan zen atzo, asteazkena, Gipuzkoako Auzitegian hasi zen epaiketan. Akusatuak negar egin zuen zenbait momentutan, eta esan zuen ez dagoela "egun bakar bat ere" Nieblaren familia "suntsituta" dagoela pentsatzen esnatzen ez dena.

"Ez naiz hiltzailea, ezta tratu txarrak egiten dituena ere. Benetan barkamena eskatzen diot Asier Nieblaren familiari. Ez nion tipo horri ezer egin nahi", azpimarratu du akusatuak. Fiskaltzak 12 urteko kartzela zigorra eskatzen du berarentzat, homizidioagatik, eta akusazio partikularrak (familiaren izenean, Josu Agote abokatua) eta herri akusazioak (Urnietako Udala) 20 urtekoa, erailketagatik.

Epaiketan esan duenez, gertakizunen egunean hiru lagunekin geratu zen, Irunen, 30 urte betetzen zituela ospatzeko. Alkohola edan eta kokaina kontsumitu zuten, taxian Donostiako Aste Nagusia ospatzera joan ziren eta, bertan, alkohol gehiago edan eta kokaina eta MDA hartu zituzten.

Bere kontakizunaren arabera, "mozkorraldiagatik" eta diskotekan "zegoen jendetzagatik" kalera irtetea erabaki zuen, eta etxeraino itzultzeko taxi geltokira hurbildu zen. Momentu hartan, alabaina, bikotekide ohiarekin eta lagun batekin egin zuen topo.

Akusatuak ez du onartu bikotekide ohiak instrukzioan esandakoa. Adierazi du berak ez zuela iraindu, ezta "puta" deitu ere, eta"azalpen bat ematea baino ez" zuela nahi gehitu du; izan ere, hilabete lehenago zazpi urte eta erdiz elkarrekin izan zuten harremana zergatik moztu zuen jakin nahi zuen. "Hiru edo lau urtez elkarrekin bizi izan ginen", gaineratu du.

Geroago, diskotekara itzultzean, neska ikusi zuen berriro. "Berarengandik bizpahiru metrora nengoenean, Asier Niebla hurbildu zitzaion eta gerritik besarkatu zuen; ezin izan nuen nire burua kontrolatu eta aurpegian ukabilkada eman nion", esan du.

Bere bertsioa kontraesanean dago Fiskaltza eta akusazioen bertsioarekin. Horien ustez, akusatuak abiada hartu eta buruan ukabilkada gogorra eman zionaren "froga elementuak" daude. Asier Nieblak bi hilabetez eman zituen koman, eta urriaren 11n hil zen.

Galdeketan zehar, akusazioak azpimarratu du erasoa "aurrez aurrekoa" izan zela, eta beraz, ez zela ustekabekoa izan. Esan duenez, kolpearen ondoren "bizpahiru pauso atzera eman" eta "zerraldo" erori zen. Era berean, ukabilkadaz min handiagoa emateko eskuan objekturik ez zuela esan du.

Zentzu horretan, lekuko bezala deklaratu duten udaltzainetako batek esan du ez zutela mota horretako objekturik topatu lekuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Urnieta Albisteak