Gizartea -

Giza eskubideak

Carlos Martin Beristaini Rene Cassin saria eman dio Urkulluk

Giza eskubideen alde Beristainek erakutsitako konpromisoa aitortu du lehendakariak, eta eskerrak eman dizkio "aitzindari izan delako Euskadin guztioi eragiten diguten gaietan arreta jartzen".

Carlos Martin Beristaini Rene Cassin saria eman dio Urkulluk. Argazkia: EFE
Carlos Martin Beristaini Rene Cassin saria eman dio Urkulluk
Carlos Martín Beristainek René Cassin saria jaso du

10:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, "giza eskubideen urraketa gorien" iragan hurbilaren ondorioz, euskal gizartea indartsuagoa da "edozein indarkeria mota gaitzesteko orduan".

Urkulluk Rene Cassin 2020 saria eman dio, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Carlos Martin Beristain sendagile eta psikologo bilbotarrari Euskadin, Saharan eta Latinoamerikan giza eskubide guztien alde egindako lanagatik.

Gasteizen egin dute sari-banaketa ostegun honetan. Bertan, lehendakariak gogora ekarri du "urte askotan giza eskubideen, duintasunaren eta pertsona askoren bizitzen urraketa goria" bizi izan duela Euskadik. "Esperientzia horrek indartsuago egin gaitu", adierazi du.

"Indartsu gaitzesten ditugu indarkeria adierazpen guztiak, indartsu aldarrikatzen dugu pertsonen duintasuna eta indartsuak gara giza eskubideen defentsan eta sustapenean, bereziki, egoera zaurgarrienetan daudenen aldeko borrokan", esan du.

Urkulluren hitzetan, "pertsona, bere duintasuna eta giza eskubideak elkarbizitzaren eta mundu zuzenago, gizatiarrago eta jasangarriago baten oinarriak" izan behar dira.

Ildo horretan, giza eskubideen alde Beristainek egindako lana aitortu du, eta eskerrak eman dizkio "aitzindari izan delako Euskadin guztioi eragiten diguten gaietan arreta jartzen".

Beristainek, bere aldetik, argi utzi du giza eskubideen aldeko borrokaren oinarria zein den: "Bizikidetzarako errespetua behar da, eta errespetu hori zapaltzen duten botereek lotsa sentitu behar dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Iñigo Urkullu Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Medikuak Giza eskubideak