Gizartea -
SEGURTASUNERAKO LEGEA EZBAIAN
142 pertsona atxilotu dituzte Frantzian, segurtasun legearen aurkako protestetan
Poliziak ur kanoiak erabili ditu Parisko manifestarien aurka, eta prentsaren arabera, "ikaragarria" izan da segurtasun indarren oldarraldia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Poliziak gutxienez 142 pertsona atxilotu ditu larunbat honetan herrialde osoan, segurtasun lege polemikoaren aurka egindako elkarretaratzeetan.
Pariseko martxaren antolatzaileek deialdia partzialki bertan behera utzi zuten, beharrezko segurtasun baldintzak betetzen ez zirelako, baina, hala ere, dozenaka manifestari Errepublika Plazan bildu dira, protestak izan ohi diren tokian.
Manifestarien eta Poliziaren arteko tentsioa goraka joan da eta segurtasun indarrek ur kanoiak erabili dituzte manifestarien kontra. Prentsaren arabera, "ikaragarria" izan da poliziaren oldarraldia.
Lyonen, Estrasburgon, Bordelen, Lillen, Dijonen, Caenen, Toursen eta Nancyn ere izan dira elkarretaratzeak. Lyongo prefekturaren arabera, 2.000 lagun inguru bildu dira protestan. Segurtasun indarrek gas negar-eragilea erabili dute hainbat manifestarik agenteen aurka objektuak jaurti ostean.
Montpellierren 1.800 pertsona inguru bildu dira, iturri ofizialen arabera, protesta baketsu batean.
Estrasburgon 1.300 manifestari izan dira "erregistro sindikala" deiturikoaren aurka protesta egiteko, eta "denok batera segurtasun globalaren legearen aurka" leloa zuen pankarta baten atzetik joan dira. "Mobilizazioak indartsu jarraitzen du. Oposizioak aurrera jarraitzen du ", nabarmendu du Laurent Feisthauer Lanaren Konfederazio Orokorra (CGT) sindikatuko idazkari nagusiak.
Baiona
200 bat pertsonak protesta egin dute Baionako kaleetan, Sud Ouest-ek jakitera eman duenez. Lege proiektua atzera botatzea, Barne ministroaren dimisioa eta Parisko Poliziaren buruzagia kargutik kentzea eskatu dute manifestariek.
Baionako Place de la Liberten berriz bildu dira, “askatasunaren aurkako” testua salatzeko.
Baionako udaletxe aurrean, testuaren aurkako jarrera “bakarra ez” dela gogorarazi dute mugimenduko bozeramaileek; izan ere, NBE eta Europako Parlamentua kontra agertu dira dagoeneko.
“Legeak herriaren askatasunaren aurka egiten du”, kritikatu dute. Arauaren 24. artikuluan, bereziki, “errepresio borondatea” ikusten dute, “asmoak zigortu nahi dituelako, ez ekintzak”.