Mundua -
Frantzia
Poliziaren irudiak ez zabaltzeko legea berriro aztertuko du Frantziako Gobernuak
Lege-proiektu polemikoak protesta jendetsuak eragin ditu Parisen. Kazetarien elkarteek eta hainbat eragilek salatu dute oinarrizko eskubideak urratzen dituela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako Gobernuak iragarri du berriro aztertuko duela poliziaren irudiak zabaltzea galarazten duen lege-proiektua, egitasmoak eragin duen haserreaz jabetuta.
Asanblada Nazionalak eta Senatuak Segurtasun Lege Orokorraren 24. artikulua berridatziko dutela agindu dute talde parlamentario nagusietako bozeramaileek astelehen honetan egindako agerraldi batean.
"24. artikulua osorik berridatziko dugu", adierazi du Christophe Castaner LREM talde parlamentarioko presidenteak.
Lege-proiektuak lehen urratsa Asanblada Nazionalean eman ostean, kazetarien elkarteek eta giza eskubideen aldeko eragilek protesta jendetsuak antolatu zituzten egitasmoa salatzeko. Joan den larunbatean, esaterako, Parisen egin zuten manifestazioan eta istiluak izan ziren.
Legearen 24. artikuluak sare sozialetan polizien irudiak zabaltzeagatik zigorrak aurreikusten ditu.
Castanerrek aitortu du araudi horren harira "zalantza asko" sortu direla eta "kexu direnei entzun" egin behar zaiela erantsi du. Edonola ere, sarritan esan du legearen asmoa polizien aurkako mehatxuak saihestea dela, eta ez prentsa edo adierazpen askatasuna mugatzea.
Bestalde, lau polizak musika ekoizle beltz bati musukoa ez eramateagatik emandako jipoiaren irudiak zabaldu ziren joan den astean sare sozialetan eta horrek protestak areagotzea ekarri du.
Irudi horiei esker, lau agenteak auzipetu egin dituzte eta horietako bi behin-behinean atxilotuta daude.
Kazetarien elkarteek, sindikatuek eta giza eskubideen aldeko erakundeek ohartarazi du Frantziako Gobernuaren legeak aurrera egiten badu, polizia-gehiegikeria argitara ateratzea askoz zailagoa izango dela.
BIDEOA | Musika-ekoizle beltz bat jipoitu zuten poliziak inputatu dituzte Frantzian