Gizartea -
Polizia operazioa
Supremazista bat atxilotu dute Iruñean
Atzerritarren kontrako gorrotoa bultzatzea, armak eta lehergailuak izatea, terrorismoa goratzea eta drogen salerosketa leporatzen dizkiote. Malagan ere beste gixon bat atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bi pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Iruñean eta Rondan (Malaga) supremazismo zuriarekin lotuta. Atzerritarren kontrako gorrotoa bultzatzea, armak eta lehergailuak izatea, terrorismoa goratzea eta drogen salerosketa leporatzen dizkiete.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, irailaren 11n egin zuten beste operazio batekin lotuta dago azken hau. Orduan, berehala atxiloketak egitea erabaki zuten susmagarrietako batek substantzia kimikoak erabili eta emakume bat bortxatu nahi zuela jakitean. Operazio horretan beste bi gizon atxilotu zituzten, horiek ere espainiarrak, Pobla de Cervolesen (Lleida) eta Campellon (Alacant).
Ikertutakoak arraza zuriaren nagusitasuna defendatzen duen ideologia arrazistarekin lotuta daude, eta lau atxilotuek, ustez, beste arraza batzuetako pertsonen aurkako erasoak egitera bultzatzen zuten jendea sareen bitartez. Besteak beste, agintariek Europan iparrafrikar immigrazio klandestinoa bultzatzen dutela defendatzen zuten, eta horregatik, indarkeria erabiltzea eta etorkinei zein arraza zurikoak ez diren pertsonei erasoak egitea justifikatzen zuten.
Guardia Zibilak azaldu duenez, webguneetan eta berehalako mezularitzako hainbat kanaletan zabaltzen zituzten eta ideia horiek, eta Brenton Tarrant, 2019ko martxoan Zeelanda Berriko bi meskitatan 51 pertsona hil zituena, goraipatzen zuten, besteak beste.
Landa-inguruneetan "komunitate zuri isolatuak, autosufizienteak eta armatuak" sortzea defendatzen zuten. Armaz hornitu eta "arraza-gerrarako" prestatu nahi zuten, eta "txinparta hori pizteko" ekintza bat egitea nahikoa izango zela uste zuten.
Komunitate horiek sortzeko behar zuten finantzaketa, substantzia psikotropikoak landatuz eta salduz lortu nahi zuten atxilotuek.
Azken bi atxilotuak, tartean nafarra, aske geratu dira, karguekin.
Lleidako Instrukzioko 4. Epaitegiak zuzendu du operazioa, eta Guardia Zibilak berezibiziko garrantzia duela adierazi du, "ultraeskuineko nazionalismo zuriaren estremismoa gero eta handiagoa delako, eta epe labur eta ertainean segurtasunerako mehatxu argia delako".