Gizartea -
Eustat
EAEko biztanleriaren % 8,4 atzerritarra da
Euskadin bizi diren atzerritarrak 184.916 dira, aurreko urtean baino zortzi hamarren gehiago. Amerikarrak % 40 dira, eta afrikarrak % 27.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2020ko urtarrilaren 1eko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren atzerritarrak 184.916 dira, EAEko biztanleriaren % 8,4, orain urtebete baino zortzi hamarren gehiago.
Proportzioa zertxobait aldatzen da lurraldearen arabera. Araban bizi diren atzerritarrak biztanleriaren % 9,9 dira (2019an baino sei hamarren gehiago), Gipuzkoan % 8,5 dira (zazpi hamarren gehiago) eta Bizkaian % 7,9 (bederatzi hamarren gehiago).
EAEko erroldan izena emanda dauden atzerritarren ehunekoa Espainiakoa (% 11,4) baino txikiagoa da. Balearretan % 18,8 dira atzerritarrak, Katalunian % 16,2, Extremaduran % 3,2 eta Galizian % 4,1.
Ameriketatik etorritakoak EAEko atzerritar guztien % 40,5 dira, Eustat Euskal Estatistika Institutuak astelehen honetan jakitera eman duenez. Espainian, berriz, % 27 dira.
Talde horretan, Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Paraguai eta Bolivia dira ekarpen gehien egiten dituzten herrialdeak: atzerritarren % 25,5 eta amerikarren % 63.
Europako herrialdeetakoak % 23,7 dira, eta Espainian, berriz, % 44,2. Talde horretan Errumania nabarmentzen da, atzerritar guztien % 10,5 eta europarren % 44,2 hartzen baititu. Bigarren lekuan, nahiko urrun, Portugal dago, Europako nazionalitatea duten pertsonen % 14,7 baitaude Euskadin.
Afrikako herrialdeak Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritarren % 27,3 dira, eta Espainian % 19,8; horien erdiak baino gehiago (% 52,6) Marokokoak dira, % 13 Aljeriakoak eta % 10 Senegal eta Nigeriakoak.
Aurtengo urtarrilaren 1ean, EAEn bizi eta atzerrian jaio ziren 242.840 pertsona zeuden, biztanleria osoaren % 11, Espainian batez beste ematen zen proportzioaren azpitik (% 14,8).
Hiru hiriburuetan, atzerrian jaiotako biztanleen ehunekoak erkidego osoan baino handiagoak dira: Gasteiz da buru (erroldaren % 14,2), ondoren Bilbo (% 13,5) eta Donostia (% 11) daude.
62 udalerritan atzerrian jaiotako pertsonen proportzioa Euskadikoa baino handiagoa da, eta horietatik 17k soilik dute 10.000 biztanletik gora. Ordiziak du ehunekorik altuena, % 18,6rekin; ondoren, Arabako Errioxako hiru udalerri daude: Lantziego (% 17,4), Navaridas (% 18) eta Mañueta (% 18,4), eta Berriatua (% 17,8).
Urte honen hasieran, 77.035 egoiliarrek Espainiako nazionalitatea eskuratu zuten, edo jatorrizkoa zuten, familia-arrazoiengatik edo beste arrazoi batzuengatik. Horietatik, ia % 67 Amerikako kontinentekoak dira, batez ere Kolonbiakoak, Ekuadorkoak eta Boliviakoak.