Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gabonetan EAEtik irteten diren herritarrak nahi dutenean itzuli ahalko dira etxera

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gabonak beste erkidego batean ospatzeko asmoa duten euskal herritarrak abenduaren 23tik 26ra edo 30etik urtarrilaren 2ra aterako ahalko dira EAEtik, baina edozein momentutan itzuli ahalko dira etxera.

  • Ertzaintzaren kontrola Iurretan

    Ertzaintzaren kontrola Iurretan. EFEren artxiboko irudia

Gabonetan EAEtik irteteko asmoa duten euskal herritarrak abenduaren 23tik 26ra edo abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra soilik atera ahalko dira erkidegotik, baina "edozein momentutan" itzuli ahal izango dira ohiko bizitokira.

Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren bidaiak ezingo dira inolaz ere aisialdiarekin lotuta egon, alegia, Gabon festak familiartean ospatzea izan beharko dute helburu.

Hala, zehaztutako datetan soilik egongo da baimenduta EAEtik irtetea; etxerako itzuleran, aldiz, ez dute mugarik jarriko. Izan ere, ohiko bizilekura bueltatzea mugikortasuna arautzen duten salbuespenen artean dago jasota alarma egoeran indarrean jarri zuten dekretuan.

EAEra Gabon pasa datozenek ere arau bera bete beharko dute. Hau da, abenduaren 23tik 26ra edo abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra sartu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, baina nahi dutenean atera ahalko dira, etxera itzultzeko bada.

Senitartekoekin elkartzeko denean, atzerrira bidaiatzea ere posible izango da, betiere, tokian tokiko neurriak betez gero (PCR probak, koarentena...). Itzulerari dagokionez, Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte atzerrira doazenek.

Horiek dira, besteak beste, covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak jasotzen dituen dokumentuan argitutako zalantzetako batzuk. Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan eguneratu du dokumentua, eta Gabonei begira baimendutako hamar pertsonako bileretan haurrak ere kontuan hartzea adostu dute bertan.

Gabonetako ospakizunetarako ez bada, ordea, gehienez sei pertsonako taldeak baimendu dituzte.

Etxeratze aginduan ez da aldaketarik aurreikusi. 22:00ak eta 06:00ak bitartean ezingo da kaletik ibili, abenduaren 24an eta 31n salbu. Bi egun horietan 01:30ean ezarriko dute etxeratze agindua. Bestalde, guztiz debekatuta egongo dira jendetza batzen duten ekitaldiak; hala nola, San Silvestre lasterketa eta desfileak.

Bukatzeko, dekretu horren bidez gogorarazi dute gutxienez abenduaren 23ra arte debekatuta egongo dela lurralde historikotik ateratzea.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena