Gizartea -
Immigrazioko Itun Soziala
Jaurlaritzak immigrazioari buruzko eztabaida soziala sustatzea nahi du
Horretarako, eztabaida bideratuko duen zenbait adituk osatutako batzorde batek Euskadiko Immigrazioko Itun Sozialaren lerro nagusien lehenengo zirriborroa aurkeztuko du abenduan.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak immigrazioaren gaineko eztabaida soziala sustatzea du helburu, elkarbizitza, integrazioa eta kohesioa lortzeko asmoz. Horretako, Imanol Zubero eta Daniel Innerarity unibertsitateko irakasleek osatutako batzorde bat sortuko dute. Batzorde honek eztabaida bideratuko du eta Euskadiko Immigrazioko Itun Sozialaren lerro nagusien lehenengo zirriborroa aurkeztuko du abenduan.
"Etorkinak ez dira besteak, gure parte bat baizik", azpimarratu du Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak Bilbon izandako prentsaurrekoan. Hori dela eta, "euskal gizartearen onurako diren aldeak nabarmendu behar dira", esaterako, "etorkinek hazkunde ekonomikoari emandakoa, nagusien zaintza edo zaharkitutako gizartes gazteago egiten dutela".
Itun honek alde bakoitzak elkarbizitzarako garrantzitsuak diren "konpromiso batzuk hartzea" du helburu. "Oinarriak" zehaztuko dira baina itunak "ekintza zehatzak" ere jasoko ditu.
Datu ofizialen arabera, 145.000 etorkin bizi dira gaur egun Euskadin, biztanleria osoaren % 6,6. Etorkin kopururik handiena 2005-2006 urte bitartean heldu zitzaigun eta ordutik, kopuru hori egonkortu egin da. Etorkinen % 11,2 Errumaniatik dator; % 10,08 Marokotik eta % 8,4, Kolonbiatik.