Gizartea -

BIZKAIKO LURRALDE AUZITEGIA

Lau urteko zigorra begi bat galdu zuen beste gizon bat jotzeagatik, Bilbon

Epaiaren arabera, zigortutako gizona Bilboko taberna batean sartu zen 2019ko otsailean, eta, ageriko arrazoirik gabe eta hitzik esan gabe, 48 urteko gizon bat jipoitu zuen.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2019ko otsailean Bilboko taberna batean begi bat galdu zuen 48 urteko beste gizon bat jipoitzeagatik.

Gainera, aldeek adostutako epaiak biktimarengana hurbiltzea debekatzen dio. Ondorioz, hamar urtean ezingo du gerturatu biktimaren bizilekutik, lantokitik edo bera dagoen tokitik 300 metrora baino gutxiagora.

Halaber, 14.509 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari eragindako lesioengatik eta 54.088 euro, ostera, kolpeek eragindako ondorioengatik.

Akusatuak onartu duenez, 2019ko otsailaren 3ko goizaldean suziri bat jaurti zuen Bilboko "Rock&Ron" tabernaren atarian, eta, "gaur bazterrak nahasiko ditut" oihukatu ostean, barrura sartu zen. "Zuzenean eta hitzik esan gabe", lagunekin trago bat hartzen ari zen gizon bati "ukabilkada gogor bat eman zion ezkerreko masailezurrean, eta, ondorioz, lurrera erori zen".

Lurrean zegoela, "beste bi ukabilkada eman zizkion", hil egingo zuela oihukatzen zuen bitartean. Biktimak konortea galdu zuen.

Kolpeen eraginez, biktimak eztanda traumatikoa pairatu zuen ezkerreko begian. Begi barruko zauriak tarteko, ebakuntza egin behar izan zioten anestesia orokorrarekin, baina ezin izan zioten kaltetutako begiaren ikusmena berreskuratu. Horrez gain, desegituratze anatomiko larria du, eta etorkizunean begia galtzeko arriskua.

Auzipetuak idatzi bat aurkeztu zuen 2020ko urrian, egindako erasoa aitortzeko eta egindako kaltea bere gain hartzeko. Aldeak akordio batera iritsi dira, eta, auzipetuak lau urteko kartzela zigorra betetzea, biktimarengandik urruntzea eta kalte-ordainak ematea onartu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Epaiketak bideoak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Letraduen albisteak