Gizartea -

ETXEBIZITZA

EAEn 30 eta 34 urte arteko 10 pertsonatik 7 emantzipatuta daude

Gazteen Euskal Behatokiak egindako txosten baten arabera, 25 eta 29 urte bitarteko hiru pertsonetatik batek lortu du gurasoengandik emantzipatzea.

25 eta 29 urte bitarteko hiru pertsonatik bat gurasoen etxetik irten dira. Argazkia: EFE
Etxebizitza eraikin bat, Gasteizen
25 eta 29 urte bitarteko hiru pertsonatik bat gurasoen etxetik irten dira. Argazkia: EFE

O.A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 30 eta 34 urte bitarteko 10 pertsonatik 7 emantzipatuta daude eta gehienak beren jabetzako etxebizitza batean bizi dira. Gazteen Euskal Behatokiak "Gazteria, emantzipazioa eta etxebizitza beharrak Euskadin (2019)" egindako txostenaren arabera, 25 eta 29 urte bitarteko hiru pertsonetatik batek lortu dute gurasoengandik ateratzea eta beren kabuz bizitzea.

Zehazki, 18 eta 24 urte bitartean, emantzipatutako gazteen kopurua ez da % 10era iristen (% 8,1), 25 eta 29 urteen artean, emantzipatuen kopurua % 33koa da (hirutik bat), eta 30 eta 34 adin tartean, ostera, % 70,1koa. Ikerketak ondorioztatu duenez, azken adin tarte horretan gauzatzen da gehien bat emantzipazioa. Gainera, gehienek etxebizitza erostearen alde egiten dute.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 30 eta 34 urte arteko hamar pertsonatik sei beren jabetzako etxebizitza batean bizi dira. 30 urtetik beherakoen artean, ostera, hamarretik ia zazpi (% 64,9) alokairuan bizi dira. Adin tarte horretan hamarretik hiru bakarrik bizi dira beren jabetzako etxebizitza batean.

18 eta 34 arteko pertsona guztiak aintzat hartuta, emantzipatuen erdiak beren jabetzako etxebizitza batean bizi dira. Gutxiago dira alokairuan bizi direnak: % 46,6. Gainerakoak, utzitako etxebizitzetan bizi dira (% 3,3).

Etxebizitza beharrak

Inkestan parte hartu duten hiru pertsonetatik batek onartu dute etxebizitza behar dutela EAEn. Etxebizitza beharrak gora egiten du adinarekin batera.

18 eta 24 urte artekoen artean, % 19,5k onartu dute etxebizitza beharra dutela; 25 eta 29 urte artekoen artean, %46,6k, eta 30 eta 34 urte artekoen artean, % 52,9k.

Lehentasunen inguruan galdetuta (beti ere beren baliabide ekonomikoak aintzat hartuta), % 34,9 etxebizitza erostearen aldekoak dira; % 36,8, ostera, alokairuaren aldekoak. Gainera, adinean gora egin ahala, gora egiten du erosketaren aldeko hautuak.

2015eko datuekin alderatuta, igo egin da erosketaren aldeko hautua egiten dutenen kopurua (% 21,1etik % 34,9ra). Alokairuaren kasuan, jaitsi egin da: % 21,1etik % 13,9ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Gazteak gaur Etxebizitzen merkatua