Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak ostiralean aztertuko du Gabonetako neurriak zorroztea

EITB MEDIA

Osasun Ministerioak Gabonetarako planari eustea erabaki du, baina erkidegoen esku utzi du neurriak gogortzeko eskumena, egoera larria dela eta.

  • Iñigo Urkullu lehendakaria

    Iñigo Urkullu lehendakaria. Argazkia: EFE

Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako Osasun arduradunek arratsalde honetan egindako batzarrean Gabonetako plana bere horretan mantentzea erabaki dute, baina erkidegoek neurriak gogortzeko aukera izango dute, pandemiaren bilakaera okerra bada. 

Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzaren LABI batzorde teknikoa ostiral honetan bilduko da berriro osasun egoera eta Gabonetarako neurriak zorroztea beharrezkoa den ala ez aztertzeko. Aipatzekoa da duela astebete neurri horiek malgutzea erabaki zutela.

Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak argi esan du ez duela baztertzen Gabonetara begira covid-19ari aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako neurriak zorroztea, eta ohartarazi du txertaketak luze joko duela, 2021eko udazkenera arte gutxi gorabehera. Horrekin lotuta esan du dagokionean jarriko duela berak txertoa.

Neurriak zorroztuko ote dituzten galdetuta, Urkulluk zera aurreratu du: "Posible da. Dena berraztertzen gabiltza. Iragan astean esan nuen bezala, neurriekin edozer gerta daiteke, alegia, malgutu edo zorroztu egin ditzakegu, koronabirusaren bilakaeraren arabera".

Ildo horretan, nabarmendu du Euskadin bilakaera hobera egiten ari dela: "100.000 biztanleko 850 kasura iritsi ginen, eta orain 300 inguruan gaude. Guztion artean lortu dugu".

Hala eta guztiz ere, berretsi du beharrezkoa dela neurriak betetzen jarraitzea.

"Txertaketak bide luzea egin behar du oraindik ere, datorren urteko udazkenera arte gutxienez. Diotenez, datorren udarako herritarren % 40k jasoko dute txertoa, baina, halere, babes neurriekin jarraitu beharko dugu", azpimarratu du.

Euskadin kasuen beherakada mantso doala ere gogoratu diote kazetariek gaurko agerraldian, eta horrekin lotuta adierazi du horren azalpena Europan bizi den egoerak ematen duela. "Ustez pandemia ongi kudeatzen ari ziren herrialdeak neurriak zorrozten dabiltza gaur egun. Bigarren olatua guztiongana heldu da", bukatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena