Gizartea -
URTARRILAK 20
San Sebastian eguna "etxetik" ospatzeko deia egin du Donostiako Udalak
Ez da kaleko ekitaldirik egongo, eta banderaren igoera streaming bidez emango da. Udalak leihoak eta balkoiak hiriko banderarekin apaintzeko deia egin du.
O. A. | EITB Media
Donostiako Udalak 2021eko San Sebastian eguna "modu seguru eta parte-hartzailean etxetik" ospatzeko deia egin du. Ez da kaleko ekitaldirik izango, eta horrela jakinarazi zien atzo Udalak helduen eta haurren danborradetako ordezkariei.
Covid-19aren garaian, Udalak hiru jarduera proposatu ditu San Sebastian egunerako, betiere, "segurtasuna, parte-hartzea eta errespetua" ardatz hartuta, baina kalean ekimenik egin gabe.
Lehenik, leiho eta balkoiak hiriko banderarekin apaintzeko deia egin du, hiriko egunik sinbolikoena gogoratzeko.
Bigarrenik, etxetik banderaren igoeran parte-hartzeko deia egin die donostiarrei. Udala banderaren igoera berezia prestatzen ari da hiriko danborrada guztien parte-hartzearekin. Ekitaldia Udalak eta Donostiako Festak kontuek Youtuben duten kanalen bitartez ikusi ahalko da.
Hirugarrenik, haurren danborradarik izango ez denez, Udalak haurren danborrada guztietako trajeak jarriko ditu sarean eskuragarri, haurrek inprimatu, margotu eta balkoian jar ditzaten.
San Sebastian egunaren aurreko astean, Udal Txistulari Bandak ohiko kontzertu berezia eskainiko du Santa Maria Basilika egoitzan.