Gizartea -
OSASUNA
OCUk osasun-baliabide gehiago eskatu dizkio Jaurlaritzari itxarote-listak murrizteko
Itxaronaldiak bikoiztu egin dira azken urtean EAEn: 49 egunetik 96 egunera ebakuntza kirurgikoetarako eta 23 egunetik 49 egunera espezialistarekin hitzordua izateko.
EITB Media
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) osasun baliabide gehiago eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari itxarote-zerrendak murrizteko; urtebetean, bikoiztu egin dira EAEn.
OCUk aurreko urteko datuekin alderatu ditu Osasun Ministerioak ebakuntza kirurgikoetarako eta espezialistarekin lehen kontsulta egiteko batez besteko itxaronaldiei buruz argitaratu berri dituen datuak.
Itxaronaldiak bikoiztu egin dira azken 12 hilabeteetan: 49 egunetik 96 egunera ebakuntza kirurgikoetarako eta 23 egunetik 49 egunera espezialistarekin hitzordua izateko.
OCUk azpimarratu duenez, itxaronaldiak gora egingo zuela aurrez ikus zitekeen —koronabirusari aurre egiteko osasun langileak eta bitartekoak desbideratu izanaren ondorioz— baina emaitzak "oso kezkagarriak dira", are gehiago "Asturias, Madril edo Errioxa erkidegoetan, besteak beste, horietako batzuk murriztu dituztela jakinda".
OCUren arabera, datu horiek "osasun baliabideen defizit arriskutsua erakusten dute eta Eusko Jaurlaritzaren erantzun kementsua behar dute".