Gizartea -

Auzitegi Gorena

La Manadako bi kideri zigorra baieztatu diete argazkiengatik eta bideoengatik

Horrela, Antonio Manuel Guerrero Escudero guardia zibil ohiari eta Alfonso Jesus Cabezuelo guardia zibil ohiari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra eta 5.670 euroko isuna ezarri dizkiete.

La Manada kideak Pozoblancoko epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
La Manada kideak Pozoblancoko epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
La Manada kideak Pozoblancoko epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

La Manadako bi kide zigortu zituen epaia baieztatu du Auzitegi Gorenak. 2016ko sanferminetan gazte madrildar bati eginiko talde bortxaketaren argazkiak ateratzeagatik eta bideoak grabatzeagatik zigortu dituzte, hain zuzen ere.

Horrela, Antonio Manuel Guerrero Escudero guardia zibil ohiari eta Alfonso Jesus Cabezuelo guardia zibil ohiari hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe-zigorra eta 5.670 euroko isuna ezarri dizkiete, intimitatearen aurkako delitua egotzita.

Bi auzipetuen defentsak Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziaren aurka aurkeztutako kasazio helegitea atzera bota du Gorenak. Nafarroako Auzitegiak 2020ko ekainaren 24an igorri zuen epaia, 2019ko azaroaren 19an argitara emaniko ebazpenaren aurka aurkeztutako apelazio errekurtsoa atzera botaz. Nafarroako Lurralde Auzitegiak bi akusatuak zigortu zituen orduan.

Epaian, defentsaren argudioak baztertu ditu Gorenak. Gazte madrildarrak, biktimak, delitua salatu ez zuela argudiatu zuen akusatuen abokatuak. Biktimak auzian akusazio partikular gisa jardun zuela gogorarazi du Gorenak ebazpenean, “hori eztabaidaezina eta erabakigarria” izan dela uste du.

Gainera, sexu-erasoaren argazkiak ateratzeko eta bideoak grabatzeko orduan egileen borondatea zalantzan jarri zuen defentsak. “Irudiokin sexu askatasuna urratzeaz gain, intimitate eskubidea urratzen ari zirela bazekiten biek”, ebatzi du aretoak.

Horregatik, kasazio helegitea atzera bota eta akusatuak prozesu-kostuak ordaintzera zigortu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Auzitegi Gorena Delituak Epaiketak Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa ‘La Manada’ auzia