Gizartea -
Arkeologia
Kristo aurreko hilarri bat aurkitu dute Foruan
Eremu horretako biztanleek mendeetan zehar gurtu zuten "harri sakratu" bat da, baita baselizaren egileek XVI. mendean errespetatu zutena ere.
eitb media
Kristo aurreko hilarri bat aurkitu dute Foruan (Bizkaia), San Kristobal baselizan mantentze lanak egiten ari zirela.
Udalak aditzera eman duenez, Mikel Magunazelaia alkateak aurkitu zuen hilarria kasualitatez, baselizaren mantentze lanak ikustera joan zenean.
Bertan zegoela, luzitu zati txiki bat kendu, eta pieza aurkitu zuen. Berehala, Bizkaiko Foru Aldundiari eman zion aurkikuntzaren berri, eta hilarriaren ezaugarriei buruzko txosten bat egiten ari dira.
Hareharrizkoa da hilarria, 80 bider 35 bider 18 zentimetrokoa. Aurrealdean, eguzkiaren irudikapena du, eta izkina batean, berriz, bi gurutze paralelo ditu, beste bi gurutzerekin perpendikularki gurutzatzen direnak.
Udalaren arabera, hilarria eremu horretako biztanleek mendeetan zehar gurtu zuten "harri sakratu" bat da, baita baselizaren egileek XVI. mendean errespetatu zutena ere.
Bertako arduradunek nabarmendu dutenez, aurkikuntzak "Foruko ondare historikoa berretsi eta aberasten du". Izan ere, herriak, Burdin Aroko elementu asko ditu, eta herrixka erromatar bat eta Tourseko san Martin elizako nekropolia.