Gizartea -

2021eko aurrekontuak

Osasun Sailak 4.183 milioi euro izango ditu 2021ean, aurten baino % 6 gehiago

Covid-19aren kontrako borrokarako diru-sailak aurreikusi dituzte (185 milioi euro), eta lehen arreta bereziki indartuko da, langile eta inbertsio gehiago bideratuta.

Sagardui, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Sagardui, Legebiltzarrean.
Sagardui, Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 4.183 milioi euro izango ditu 2021ean, aurten baino % 6 gehiago, Exekutiboak prestatu duen aurrekontu-proiektuaren arabera.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurkeztu ditu kontuak, Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean.

Sagarduik zuzentzen duen departamentua da, beste urte batez, diru-sail handiena duena, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena, hain justu. Hartara, pertsona bakoitzeko osasun-gastu publikoa berriz ere igo da, 1.902 euro arte.

Pandemiaren aurkako borroka lehentasuna izanik, berariaz 185 milioi euro aurreikusi dituzte. Dirutza hori langile eta material sanitarioak indartzeko, inbertsioetarako eta covid-19aren txertaketak eragindako gastuetarako erabiliko da.

Halaber, sailburuak bereziki azpimarratu du lehen mailako arretaren arloa, legegintzaldi honetako esparru estrategikoan leku berezia hartu baitu. Hala, inbertsioa eta langile-kopurua handitu egingo dute datorren ekitaldian: 196 profesional gehiago izango ditu, eta 21 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara, osasun zentroak eraberritzen eta hobetzen jarraitzeko, besteak beste.

Arreta soziosanitariora 30,7 milioi euro bideratuko dituzte 2021ean, eta Osasun Publikoak 24 milioi euroko aurrekontua izango du; aurreko ekitaldiaren aldean, % 6 igoko da.

Osasun Sailaren diru-sail handiena, beste ekitaldi batez, Osakidetzara bideratuko da: 3.216 milioi euro jasoko ditu, 2020an baino % 7,2 gehiago. Aurrekontu horretatik, 10 eurotik zazpi langile-gastuetara bideratuko dira, eta aurten % 7,4 igo da iazko aurrekontuarekin alderatuta. Gainera, 70 milioi euro inguru azpiegiturak modernizatu eta eguneratzeko inbertsioetara zuzenduko dira.

Berdintasun Sailak 29 milioi bideratuko ditu pandemiaren ondorioei aurre egiteko

Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 29 milioi eurotik gora bideratuko ditu pandemiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko. Hain zuzen ere, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak indartuko dituzte, eta horri eske 'Inor Atzean Utzi Gabe' funtsa luzatuko dute.

Beatriz Artozabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak datorren urteko aurrekontua aurkeztu du asteazken honetan. Guztira, 461,4 milioi euro izango ditu.

Horrenbestez, aurten baino 20 milioi euro gehiago (%13,5) izango du sail horrek 2021ean, koronabirusaren pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izateko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Txertoak EAEko Aurrekontuak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea