Gizartea -
BELLA DENBORALEA
Euskotrenen zerbitzua berrezarri dute Zarautzen
Zerbitzua etenda egon da hainbat orduz, trenbidera zuhaitzak erori direlako. Azken orduetan, 100 km/h-tik gorako haize ufadak eta ia zortzi metroko olatuak neurtu dira.
EITB MEDIA
Itsasaldeko arriskuagatik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lehen bi milietan nabigaziorako ezarritako alarma gorria egun osoan egongo da indarrean, izan ere, zortzi metrora arteko olatuak espero dira kostaldean. Horrez gain, alerta laranja ezarri dute kostaldean, olatuen talka arriskuagatik.
Eguneko lehen itsasgora 03:20an izan da eta bigarrena, ostera, 15:39an izango da. Donostiako buian, kostatik 12 miliatara, 7,5 metroko olatua neurtu dute.
Gainera, haizeagatik beste bi abisu hori aktibatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Haizeari dagokion abisu horia 21:00ak arte egongo da indarrean Bizkaian eta Gipuzkoan. Haizeak 100 km/h-ko abiadura gainditu dezake eta 120 km/h-ko abiadura, ostera, kostaldean arratsaldean. Haizegune ez diren Bizkaiko eta Gipuzkoako tokietan ere abisu horia aktibatuko da eguerditik 18:00etara bitartean. Halaber, hirugarren abisu bat indarrean izango da barrualdean, elurragatik.
Euskalmetek 100 km/h-tik gorako boladak neurtu ditu. Ufada gogorrenak Karrantzan neurtu dituzte (130 km/h). Halaber, Oizen (112 km/h) eta Jaizkibelen (105 km/h) ere haizea gogor ibili da.
Gaur, astelehena, mendebaldeko haizeak gogor joko du. Iparraldeko haizeguneetan ufadek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Euria ugariago izango da ipar isurialdean, eta noizbehinka zaparradak mardulak eta trumoitsuak izan daitezke. Hegoaldean, berriz, prezipitazioa urriagoa izango da. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta elurraren maila 600-800 metro artean egongo da. Arratsaldean, ostera, apur bat igo liteke.
Azken orduotako haize gogorrak eta olatu handiek hainbat eragozpen eragin dituzte han eta hemen.
Gaur goizean Aia/Orio eta Zumaia arteko tren zerbitzua eten du Euskotrenek, Zarautzen trenbidera hainbat zuhaitz erori direlako. Zerbitzua berrezarri bitartean, Euskotrenek autobusez eskaini du zerbitzua.
Goizaldeko itsasgorarekin bat eginez, N-634 errepidea itxi dute Zumaia eta Zarautz artean. Dena dela, 06:15 aldera bidea ireki dute berriro.
Ondarroan Arbide pasealekua itxi dute.
Donostiako Pasealeku Berria eta hiru hondartzak, itxita
Atzo iluntzetik (21:00) bihar iluntzera (20:00) arte, Donostiako Pasealeku Berria erabat itxita egongo da; oinezkoentzat zein ibilgailuentzat.
Testuinguru horretan, Leizaola pasealekua ere itxi dute. Ondarreta hondartza eta Loretopea begiratokia guztiz itxita egongo dira. Horrez gain, Eduardo Chillida pasealekua erabat itxita egongo da arrapalatik aurrera.
Kontxako hondartzan hondartzarako sarbidea erabat itxita egongo da. Gainera, Nautikoko terraza eta pantalana itxiko dituzte. Asteartean, 08:00etatik 24:00etara, Pasealeku Berriak itxita jarraituko du, Leizaola pasealekuak eta Haizearen Orrazirako sarbideak bezalaxe.