Gizartea -

Eguraldia

Giro hotza eta elurra, Urtezahar eta Urteberri egunetarako

Urtezahar eta Urteberri egunetan neguko giro desatsegina nagusituko da. Gainera, Urteberri egunean ez da baztertzen 500 metrora elurra egitea, aurreikuspenaren arabera.

Elurra Zumarragan (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Mikel Basabe
Elurra Zumarragan (Gipuzkoa).
Elurra Zumarragan (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Mikel Basabe

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtezahar eta Urteberri egunetan neguko giro desatsegina nagusituko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Izan ere, tenperatura hotzak gailenduko dira, eta elur-kota nabarmen jaitsiko da: abenduaren 31n, 1.000-1.200 metro artean kokatuko da, eta urtarrilaren 1eko arratsaldean, 700 metrotik behera.

Euskalmet euskal meteorologia agentziak aurreikusi duenez, Urtezahar egunean 1.000-1.200 metrora jaitsiko da elur-kota goizean. Arratsaldean, berriz, 600-700 metrotan kokatuko da.

Elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo da barnealdean, eguerditik gauerdira bitartean.

Testuinguru horretan, prezipitazioak ugariagoak izango dira Kantauri isurialdean, baina ez da ur pilaketa esanguratsurik izango. Tenperaturari dagokionez, maximoak 10 ºC ingurukoak izango dira kostaldean eta 6-8 ºC ingurukoak barnealdean.

Horrez gain, goizaldean izotza egin dezake barnealdean, batez ere mendialdeetan; kostaldean, berriz, minimoak 5 ºC ingurukoak izango dira.

Nafarroan, elurraren maila jaitsi egingo da, eta 600 eta 800 metro artean kokatuko da Aemet meteorologia agentziaren arabera. Zerua lainotuta egongo da oro har, eta euria egingo du lurraldearen iparraldetik hasi eta hegoaldera arte. Hala ere, zaparradak ugariagoak izango dira batez ere eguerditik aurrera eta lurraldearen iparraldean. 

Tenperaturetan ez da aparteko aldaketarik izango, iparraldean salbu. Inguru horretan tenperatura maximoak igo egingo dira. Tokian tokiko tenperaturak ondorengoak izango dira: Lizarran 1 eta 8 ºC artean, Iruñean, 1 eta 6 ºC artean, Erronkarin, 0 eta 3º C artean eta Tuteran, 1 eta 10 ºC artean.

Izotza egingo du Pirinioetan, ipar-mendebaldeko mendietan eta Erriberan inguruan. Hegoaldeko haizeak joko du eta arratsaldean hego-mendebaldera egingo du.

Elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo da Pirinioetan eguerditik gauerdira bitartean, izan ere, zazpi zentimetro pilatu daitezke 800 metrotik gora. Abisuak indarrean jarraituko du hurrengo egunean ere.

2021. urteko lehen egunean, alegia, Urteberri egunean, eguraldi hotzarekin jarraituko dugu eta, agian, Urtezahar egunean baino hotzagoa izango da giroa, maximoak ez baitira 5ºC-tik gora igoko barnealdeko leku askotan, eta kostaldean 8 ºC inguruan geratuko baitira. Minimoek, berriz, ez dute aldaketa handirik izango.

Elur-kota 700 metrotik behera kokatuko da, eta ez da baztertzen 500 metrotara elurra egitea. Aurreikuspenen arabera, 20 cm pila daitezke 1.000 metroan eta 2-5 cm 600 metroan. Negu giroa datorren astera arte luzatu daiteke.

Elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo da egun osoan lurraldearen barnealdean.

Nafarroari dagokionez, zerua lainotuta egongo da ia lurralde osoan, hegoaldean salbu. Bertan, lainoak eta ostarteak nagusituko dira zeruan. Euria egingo du lurralde osoan. Dena den, zaparradak ugariagoak izango dira iparraldean eta urriagoak, ostera, hegoaldean. Egunaren hasieran elurraren maila 500-800 metroan kokatuko da eta egunaren amaieran, berriz, 300-500 metroan. Tenperaturetan ez da aldaketa handiegirik espero. Izotza egingo du, baina oro har, izotz txikia izango da Pirinioetan salbu. Ipar-ekialdeko haizea ahul ibiliko da oro har, baina egunaren erdialdean gogor joko du Erribera inguruan.

Gauzak horrela, neguko giro desatsegina espero da 2020ko azken egunerako eta 2021eko lehen egunerako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroako albisteak Araba Turismoa Euskadi Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak