Gizartea -

ARABA

Gizon batek hondeamakina bat lapurtu eta 69 furgoneta txikitu ditu Gasteizen

Mercedesek azaldu duenez, gizonak bost milioi euroko kalte materialak utzi ditu lantegian. Epailearen aurretik igaro ondoren, aske geratu da arratsaldean. Gizonak 21 kilometro egin ditu lantegiraino.

Furgoneta batzuk txikituta. Mercedes Benzeko langile batek bidalitako irudia.
Furgoneta batzuk txikituta
Furgoneta batzuk txikituta. Mercedes Benzeko langile batek bidalitako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko gizon bat atxilotu dute Legution (Araba) atzerakako hondeamakina bat lapurtzeagatik, Mercedesek Gasteizen duen lantegiraino 21 kilometro gidatzeagatik eta enpresa horren aparkalekuan aparkatuta zeuden 69 furgoneta berri txikitzeagatik. Epailearen aurretik igaro ostean, aske geratu da arratsaldean.

Enpresaren arabera, gizonak bost milioi euroko kalte materialak eragin ditu "amaituta eta bidaltzeko prest" zeuden 69 ibilgailu horietan. Dena dela, lantegian kalte pertsonalik egon ez izana nabarmendu du Mercedesek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 01:00ak baino minutu batzuk lehenago, automobilgintzako enpresako zaindari batek Ertzaintzari jakinarazi dio gizon bat aparkalekuan sartu dela atzerakako hondeamakina batekin eta bertan aparkatuta zeuden hainbat furgoneta txikitzen ari zela.

Hainbat patruila bertaratu dira eta gidaria atxilotu dute, kalteak eragitea egotzita. Agenteek egiaztatu zutenez, ibilgailuei eragindako kalteez gain, instalaziora sartzeko ate lerragarria erauzi du.

Halaber, atzerakako hondeamakina Legutioko enpresa batean lapurtu duela eta atxilotuak 21 kilometro egin dituela baieztatu ahal izan dute, bide publikoan kalteak eraginez. Gainera, beste enpresa horretan kalteak eragin ditu beste bi palatan, auto batean eta bertara sartzeko hesi eta ateetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz