Gizartea -
Gabonetako zozketa
ONCEren Gabonetako sari bereziak 8 milioi euro utzi ditu Bilbon eta Donostian
Gainera, Tuteran eta Cortesen (Nafarroa) ONCEko saltzaile batek bigarren sariaren milioi bat euro baino gehiago banatu ditu, ohiko bezeroen eta hurbilekoen artean 27 kupoi saldu baititu.
Agentziak | EITB Media
ONCEren Gabonetako sari bereziak 8 milioi euro banatu ditu Bilbon eta Donostian, gaur goizean egindako zozketan. Hain zuzen ere, 400.000 eurorekin saritutako 20 kupoi utzi ditu ONCEren Gabonetako sari bereziak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
ONCEk ostiral honetan jakitera eman duenez, horietako 10 kupoi Bilbon saldu zituzten. "Ezin dut sinetsi. Ezagutzen ditudan sei edo zazpi bezerok ezusteko atsegina hartuko dute komunikabideen bidez jakiten dutenean edo nire saltokira hurbiltzen direnean", adierazi du saltzaileak.
Halaber, Donostiako Loiola kaleko kioskoan beste 10 kupoi saldu zituzten. Bertako saltzaileak nabarmendu duenez, "egun hauetan jende asko etorri denez erosketak egitera, saritutako kupoiak oso banatuta daude eta ezustekoa oso handia izan daiteke, ez baitakit nortzuk erosi zituzten saritutako kupoiak".
Gainera, Tuteran eta Cortesen (Nafarroa) ONCEko saltzaile batek bigarren sariaren milioi bat euro baino gehiago banatu ditu, ohiko bezeroen eta hurbilekoen artean 27 kupoi saldu baititu, semearen jaiotza-datarekin bat zetorren zenbaki batekoak.
"Oso pozik nago, nire zenbaki gogokoena delako. Eta oso pozik nago, egunero nigan konfiantza duen jende askok zortea izan duelako, eta are gehiago une latz honetan", esan du saltzaileak.
Gaur goizean egin den ONCEren Gabonetako zozketak 400.000 euroko 75 sari eta 40.000 eta 20.000 euroko beste hainbeste sari jarri ditu jokoan, baita 500, 400, 300, 200, 100, 50, 20 eta 10 euroko sariak ere.