Gizartea -
Helduentzako programa “online”
BBK-k antolatzen duen adinekoentzako ekintzetan izena emateko epea zabalik
Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 14ra arte izango dute izena emateko aukera, bbk.eus webgunean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
BBK-k antolatzen duen 60 urtetik gorakoentzako jarduera-programan izena emateko epea zabalik dago urtarrilaren 5etik. Ikastaroak guztiz online egingo dituzte, covid-19aren eraginez. Hala, ekintzak bertan behera gelditzea saihestuko dute, iazko edizioan gertatu bezala.
BBK-k jakitera eman duenez, otsailaren 1eko astean hasiko dira jarduerak, eta ekainaren 30era arte iraungo dute.
Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 14ra arte izango dute izena emateko aukera, bbk.eus webgunean.
BBK + Jarduera-Programak 49 ikastaro eta tailer egiteko aukera eskainiko du, eta, haietan, bost ardatz didaktiko eta hezigarri landuko dira: ongizate eta hazkunde pertsonala, kultura, hizkuntzak, musika eta teknologia berriak.
Azken ardatz hori zabaldu egin dute 2021. ediziorako, eta gaurkotasuneko ikastaroak eta adinekoei laguntzeko eduki praktikoak gehituko dituzte.
BBK-ko arduradunek azaldu dutenez, helburua da oinarrizko nozioak ematea adinekoei; biztanleria osoa kontuan hartuta, eurak direnez trebetasun teknologiko txikienak dituztenak, ingurunearekiko komunikazio 'online' optimo bat erraztu nahi diete.