Gizartea -
IRUZURRA
Hiru atxilotu Gabon zaharrerako ekologiko gisa saldutako mahatsaren iruzurragatik
Jateko 15 tona mahats arrunt ekologiko gisa merkaturatzea leporatzen diete; 14.000 eta 24.000 euro arteko irabaziak izan zituzten horrela.
EITB MEDIA
20 eta 54 urteko bi gizon eta 51 urteko emakume bat ikertzen ari dira, jateko 15 tona mahats arrunt ekologiko gisa merkaturatzeagatik Gabon zaharrerako; 24.000 euroko irabaziak lortu zituzten horrela.
Guardia Zibilaren arabera, ikertuek iruzur egin diete Madrilen, Nafarroan, Bartzelonan eta Perpignanen (Frantzia) dauden hainbat enpresari.
Serie eta logotipo faltsuak erabiliz egindako ustezko iruzurra Alacant probintziako Agost udalerriko enpresa batek egin zuen, mahats arrunta mahats ekologiko gisa salduta, beharrezko baldintzak bete gabe.
Monforte del Cid herritik Mercabarnara 680 kilogramo mahats zeramatzan kamioi bat atzeman zuten, mahats ekologikoa zela sinestarazteko eranskailuak zituztela. Azterketa sakon batek argitu zuenez, baina, mahats horrek ez zuen betetzen ekologikotzat jotzeko bete behar diren baldintzetako bat ere, eta mahats arrunta zen.
Gerora jakin zuten enpresa berak 20 tona mahats bidali zituela Madrilgo, Nafarroako, Bartzelonako eta Perpignango (Frantzia) hainbat enpresatara, ekologikoa zelakoan, eta egiaztatu zuten 20 tona horietako 5 bakarrik bildu zituztela mahasti ekologikoetan.
Guardia Zibilaren arabera, nazioarte mailako iruzur bat egin eta 14.000 eta 24.000 euro artean irabazi dituzte horrela, legez kanpo.
Hiru ikertuei iruzur egitea, talde kriminaleko kide izatea, dokumentuak faltsutzea eta kontsumitzaileen eskubideen aurkako delitu jarraitua egitea egotzi diete.