Gizartea -

Koronabirusa

Fernandez: "Eguberrietako eraginaz gain, faktore gehiago daude hazkundea azaltzeko"

LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzaileak azaldu du bihar indarrean sartuko diren neurriek kasuen "igoera ahalik eta txikiena izatea eta lehenbailehen beheranzko joera bat lortzea" dutela helburu.

Fernandez, elkarrizketaren une batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Jonan Fernandez
Jonan Fernandez: "Gabonetako eragina nabaritzen ari gara"

2:11

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirus kasuek gora egiten jarraitzen dute Euskadin, eta hazkunde horren arrazoiez galdetuta, Jonan Fernandez LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzaileak erantzun du "Eguberrietako eraginaz gain, faktore gehiago" daudela.

ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan elkarrizketa egin diote Fernandezi, LABIren Aholku Batzordeak neurriak gogortzea erabaki eta biharamunean. Azaldu duenez, neurriok "igoera ahalik eta txikiena izatea eta lehenbailehen beheranzko joera bat lortzea" dute helburu. Horren ildoan, datuak eman ditu: duela hilabete, azaroaren 11n, tasa metatuaren indizea 850ekoa zen; abenduaren 29an, 230era jaitsi zen, eta orain berriro igo da eta 300dik gora dago.

Fernandezen hitzetan, "zalantzarik gabe Eguberrietako eragina nabaritzen ari gara egun hauetan, baina ez hori bakarrik, faktore gehiago daude kontuan hartu behar direnak". Izan ere, argitu du Gabonak baino lehen beste erkidego batzuetan goranzko joera hori bazetorrela ikusi zutela, eta hala, adierazi du "hipotesiekin jokatu" behar dutela: "Ez da horren erraza arrazoiak zehaztea". Horren ildoan, Erresuma Batuko aldaera horrek gurean norainoko eragina duen ere zehazteke dagoela adierazi du.

LABIren Batzorde Teknikoko koordinatzaileak "ahalegina" aitortu eta eskertu dio igaro berri dugun ospakizun sasoi honetan "neurriak ondo bete dituen gizartearen gehiengo handi" horri. Erantsi du, aitzitik, "gutxiengo sektore batek" ez dituela bete, eta "horren ondorioak ikusten ari gara orain".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Medikuntza albisteak Koronabirusa Alarma-egoeraren amaiera LABI bilera gaur