Gizartea -

KORONABIRUSA

EAE alerta laranjan: 560 kasu berri izan ditu, % 5,2ko positibotasunarekin

Euskadi "eremu laranjara" itzuli da, 100.000 biztanleko 305,4 kasuko intzidentzia-tasa pilatu baitu 14 egunetan.

Baheketak. Argazkia: EFE.
Baheketak
Gabonetako ospakizunen eragina nabaritzen hasi da Euskadin

1:13

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kasu berriek eta egindako PCR proben positibotasun tasak gorakada txiki bat izan dute igandean Euskadin: 560 kutsatu berri (aurreko egunean baino 51 gehiago) eta % 5,2ko positibotasun-tasa (aurreko lanaldikoa % 5,1 zen). Datu horiekin, Euskal Autonomia Erkidegoa alerta laranjan sartu da, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa Euskadin 305,40ra igo ostean.

Igandean 10.760 proba diagnostiko egin zituzten (larunbatean baino 655 gehiago), horietatik 8.722 PCR probak eta 1.629 antigeno test, Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan jakitera eman duen aldizkari epidemiologikoaren arabera.Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu zituzten, 322 (larunbatean baino 61 gehiago), Gipuzkoan 166 (aurreko egunean baino hiru gutxiago) eta Araban 67 (larunbatean 73 izan ziren).

Positibotasun-tasa apenas igo den arren, igoerarik handiena 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuan ikusten da; izan ere, Euskadi "eremu laranja" deiturikoan dago igande honetatik, hau da, 300 kasu baino gehiago daude 100.000 biztanleko aldi horretan, zehazki, 305,4.

Adierazle horrek gora egin du: ostegunean, 261; ostiralean, 280,6; larunbatean, 293,4; eta igandean, 100.000 biztanleko, 305,4 kasu.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak bakarrik jarraitzen du "eremu horian", 291,8 kasu pilatuta. Araban 306,4 dira eta Gipuzkoan 315,3.

R0 zenbakiak ere, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, gora egiten jarraitzen du eta atzo 1,21era iritsi zen. Ostegunean 1,08 izatetik ostiralean 1,17 izatera, eta, larunbatean, 1,19 izatera igaro zen.

Beste datu negatibo bat ospitaleko presioari dagokio; izan ere, 400 paziente baino gehiago ospitaleratu dituzte dagoeneko, zehazki, 410. Horietatik 76 zainketa intentsiboetako unitateetan daude, bezperako berberak, baina gela arruntetan 334 daude, larunbatean baino 25 gehiago.

Udalerriei dagokienez, bederatzi daude "gune gorrian", hau da, 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzte 14 egunetan, joan den ostegunean baino 5 gehiago.

Araban, Agurain zerrendan sartu da. Bizkaian, Amorebieta-Etxanok bat egiten du Bermeorekin eta Lekeitiorekin; Gipuzkoan, berriz, Beasainek eta Zumaiak ez ezik, Andoainek eta Villabonak ere eragin handia dute, baita Lazkaok ere.

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Nafarroan

Positibo berrien kopuruak behera egin du berriro Foru Erkidegoan, 133 kasu, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Dena dela, positiboen tasak gorantz egiten jarraitzen du, eta % 10etik gertu kokatu da.

Kutsatzeen gorakada nabarmena Estatuan

Betalde, pilatutako kasuen tasa 435era igo da Estatuan, urri bukaerako datu txarrak errepikatuz.

Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, ostiraletik 61.422 positibo gehiago detektatu dituzte. Hortaz, guztira, 2.111.782 pertsona kutsatu tea 52.275 hil dira koronabirusarekin Espainian.

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako koordinatzaileak esan du joera gorakoa dela eta herritarrei egotzi die ardura, Gabonetan izandako jarrera egokia izan ez dela iritzita.

"Oporrak behar baino hobeto igaro ditugu eta orain ondorioak ikusten ari gara", adierazi du. Halaber, baztertu egin du kasuen gorakada Erresuma Batuan agertutako aldaerarekin lotuta egotea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak