Gizartea -
Epaia
Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra Tolosan emakume bat hiltzeagatik
Hilketa iaz jazo zen, Tolosako txabola batean bizi zen emakume txiroari labanaz eraso zion akusatuak. Zuhurtziagabekeriazko hilketaren errudun deklaratu zuen epaitegiak akusatua joan den hilabetean.
Erredakzioa
Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Tolosako txabola batean bizi zen emakume bat hiltzeagatik akusatuta zegoen 41 urteko gizonari. Gertakaria 2010eko urtarrilaren 17an jazo zen.
Joan den urriaren 21ean, hain zuzen, auziaz arduratzen zen epaimahaiak zuhurtziagabekeriazko hillketaren errudun jo zuen akusatua.
Gipuzkoako probintzia auzitegiaren epaiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio akusatuari, eta 92.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hildakoaren bikotekideari. Halaber, kondenatuak auziaren kostuak bere gain hartu beharko ditu. Epaimahaiaren arabera, 2010eko urtarrilaren 17an, akusatuak, hildako emakumeak eta bere bikotekideak liskarra izan zuten Tolosako txabola batean.
Eztabaidatzen ari zirela akusatuak labana bat hartu zuen eta emakumeari lepoan eraso zion, eragindako zaurien ondorioz hil egin zen.
Epailearen ustez, nahiz eta akusatua biktima hiltzen ez saiatu, "erraza zen bere ekintzarekin sortutako arriskuaz jabetzea". Alkohola kontsumitzeari "dion adikzioa ere kontuan hartu du, horrek nolabait "errealitatea ulertzeko eran" eragina izan baitzuen, eta "ulermen horren arabera jokatu zuen".