Gizartea -

Hilketa Aizarnazabalen

Epaileak espetxera bidali ditu Aintzane Pujanaren hilketagatik atxilotutako biak

Akusatuak 24 urteko gizona eta 23 urteko emakumea dira. Bikote dira eta Aizarnazabalgo landetxean bizi ziren aldi baterako.

Aintzane Pujanaren gorpua agertu zen tokia. Artxiboko argazkia: EFE
Aintzane Pujanaren gorpua agertu zen tokia.
Aintzane Pujanaren ustezko hiltzaileen atxiloketaren irudiak zabaldu ditu Ertzaintzak

1:21

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak espetxera bidali ditu Aizarnazabalen Aintzane Pujana donostiarra hiltzea leporatuta Ertzaintzak atxilotutako 24 eta 23 urteko bi gazteak, Segurtasun Sailak ostiral honetan jakinarazi duenez.

Aintzane Pujanaren hilotza langile batzuek topatu zuten urtarrilaren 4an, Urola ibaitik hurbil, sastrakak garbitzen ari ziren bitartean.  

Ertzaintzak urtarrilaren 12an atxilotu zituen bi susmagarriak. Bikote dira eta Aizarnazabalgo landetxe batean bizi ziren aldi baterako. Gaur goizean eraman dituzte epailearen aurrera, eta honek biak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du.   

Segurtasun Sailak azaldu duenez, hilketa urtarrilaren 2ko goizaldean burutu zen. Hipotesi nagusiaren arabera, bezperan, 23:30 inguruan, bikoteak biktimarekin liskar handia izan zuen eta hainbat labankada eman zizkioten. Hilketa erasotzaileen etxean gauzatu zela eta ondoren gorpua Urola ibaiaren inguruan abandonatu zutela uste dute.

Frogak desagerrarazten saiatu ziren

Ikerketaren arabera, ondoren ibilgailua hartu eta kostaldeko hainbat herritatik igaro ziren biktimaren arropak eta gauzak botatzeko.

Kasualitatez,  Ertzaintzaren patruila batek ohiko kontrol-gune batean geldiarazi zituen, Zumaia eta Getaria artean. Identifikatu egin zituzten, baina, hala ere, bidean jarraitu zuten eta Tolosaraino joan ziren.  

Udalerri horretako saltoki batean hainbat produktu erosi zituzten –lixiba, amoniakoa, paperezko ezpainzapiak eta eskuoihal hezeak, besteak beste- Aintzane Pujanaren hilotza lekualdatzeko erabili zuten ibilgailua eta euren etxebizitza garbitzeko eta hilketarekin lotutako edozein froga desagerrarazteko asmoz.   

Bestalde, Ertzaintzak azpimarratu du Aizarnazabalgo landetxe horretan urte-zahar gauean izandako jaiagatik identifikatutako lagunek ez dutela inolako zerikusirik gertakari honekin.

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak