Gizartea -
ERRESKATEAK
Mendiko erreskateak bikoiztu egin dira Gabonetatik
Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak (UVR) 30 pertsona inguru erreskatatu ditu azken hiru asteetan. Tenperaturak goraka hasi diren honetan, elurrarekin kontuz ibiltzeko eskatu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz mugikortasun-murrizketak ezarri zirenetik, mendiko erreskateen kopuruak % 30 egin du gora Euskal Autonomia Erkidegoan, eta azken asteotan bikoiztu egin dira larrialdi horiek. Ertzaintzaren mendiko unitateak 30 pertsona erreskatatu behar izan ditu azken asteotan.
Aire zabalean egoteko, naturaz gozatzeko, kirolen bat egiteko eta, egun hauetan, elurrarekin ondo pasatzeko gogoak arrisku-egoera gehiago sortzea eragin du, Pablo Izagirre Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko (UVR) Mendiko buruak ohartarazi duenez.
UVR taldea natur inguruetan zein lan-eremuan gertatu daitezkeen larrialdien prebentzioaz eta sortzen diren larrialdi zein erreskateez arduratzen da. Gaur egun 102 ertzainek osatzen dute taldea, hiru ataletan banatuta: aeronautika, uretako ingurunea eta mendia.
Gaur bertan, UVRk Twitterreko bere profil ofizialean jakitera eman duenez, kranpoiarekin zauritu zen pertsona bat erreskatatu dute Kolitza mendian.
Izagirrek konfinamenduaren eta erreskateen arteko lotura argia ezarri du: "Erreskate talde guztietan egiaztatu da, maila nazionalean, eta ziur Europan ere baietz. Deskonfinamenduak ondorio hau ekarri du, gizarteak muga soziokulturalen aurrean alternatibak bilatzeko beharra du, eta, ondorioz, jendeak aire pixka bat behar du".
Gainera, Gabonetako oporretan, unitate horrek egindako lana esponentzialki handitu dela azaldu du. "Hiru astetan, gutxi gorabehera, 30 pertsona lagundu dituzte 22-23 erreskatetan, batzuetan hainbat pertsona baitzeuden harrapatuta", azaldu du Izagirrek. Gorbeia "puntu beltzetako" bat izan da azken asteotan, inguruan elurra pilatu baita. Orain, tenperaturen igoerak dakarren arriskuaz ohartarazi du UVRk.