Gizartea -

Sarriena auzoa

Leioan agertutako eskeletoa 60 bat urteko gizon batena da, eta eskopeta tiroak ditu

Gorpuak 20 bat urte daramatza zonaldean, izan ere, poltsikoetan pezetak topatu dituzte. Kriminalitate zantzuak egon litezke, baina ikertzaileek ez dute istripuaren hipotesia baztertzen.

Ertzainak hezurrak agertu ziren zonaldean, Leioako (Bizkaia) Sarriena auzoan. Argazkia: EiTB Media
Ertzainak hezurrak agertu ziren zonaldean, Leioako (Bizkaia) Sarriena auzoan. Argazkia: EiTB Media
Leioan agertutako gorpuak 20 urte inguru zeramatzan bertan

0:52

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETBk jakin ahal izan duenez, Leioako (Bizkaia) Sarriena auzoan agertutako eskeletoa 60 bat urteko gizon batena da, eta eskopeta tiroak ditu.

Kriminalitate zantzuak egon litezke, baina ikertzaileek ez dute istripuaren hipotesia baztertzen. Gorpuak 20 bat urte daramatza zonaldean, izan ere, poltsikoetan pezetak eta euro-bihurtzaile bat topatu dituzte.

Gorpuzkiak Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dituzte dagoeneko, bihar, astelehena, autopsia egin dezaten.

Bitartean, Ertzaintza DNA aztertzen ari da, garai hartan desagertutako pertsonekin alderatzeko.

Larunbat arratsaldean gorpuzkiak agertu ziren Leioako zelai batean, eta Ertzaintza auzia ikertzen ari da. Argi faltak bilaketa bertan behera utzi zuen larunbat arratsaldean. Goizeko lehen orduan lanari heldu diote berriro, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Zelaia sasiz garbitzen ari zen partikular batek hezurrak aurkitu zituen larunbatean, 17:30 aldera, Sarriena auzoko lursail batean. Ertzaintza bertaratu egin zen eta zonaldea arakatu zuen.

Larunbat iluntzean, argi falta zela eta, bilaketa bertan behera utzi zuten, baina, esan bezala, goizean lanari heldu diote berriz. Helburua lagin gehiago bildu eta horiek aztertzea da, gorpuzkien jatorria zehazteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak