Gizartea -

Aztarnategia

Uitziko Mainea leize-zuloa, errinozero iletsuen eta mamuten hilerri

Nafarroako haitzuloa aztarnategi garrantzitsua da Iberiar penintsulan; izan ere, errinozero iletsuen eta mamuten 200 bat fosil topatu dituzte bertan.

Mainea leize-zuloko fosilak. Argazkia: Manuel Rodriguez
Mainea leize-zuloko fosilak. Argazkia: Manuel Rodriguez
Mainea leize-zuloko fosilak. Argazkia: Manuel Rodriguez

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uitziko (Nafarroa) Mainea leize-zuloa aztarnategi garrantzitsua da Iberiar penintsulan; izan ere, errinozero iletsuen eta mamuten 200 bat fosil topatu dituzte bertan. Glaziazio uneetara egokitutako animaliak ziren, eta “eskasak” dira lurraldean.

1996ko otsailean, Uitziko haitzuloan topografia lanak egiten ari zen Otxola espeleologia taldea, eta mamut baten hagin bat aurkitu zuen. Aurkikuntzaren berri eman zion Aranzadi Zientzia Elkarteari. Francisco Etxeberriaren zuzendaritzapean 200 bat fosil gehiago berreskuratu zituzten, guztiak “fauna hotzeko” animalienak. Jesus Altuna paleontologoak inbentarioa egin zuen ondoren.

Orain, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Aranzadiko aditu talde batek fosilak sakonago aztertu ditu. Horrela, data jartzea eta karbono zein nitrogeno isotopoak aztertzea posible izan da.

Larraun ibarreko orduko klimaren inguruko informazio berria eskuratzeko balio izan du lan guztiak. Oria ibaiko arroaren eta Iruñearen arteko pasabide estrategikoa da Larraun, eta bertan dago Mainea koba. Duela 45.000 urte errinozero iletsuek (Coelodonta antiquitatis) eta mamutek (Mammuthus primigenius) hotz glaziarrari aurre egin zioten bertan.

Adin ezberdineko bost errinozeroren hezurrak aztertu dituzte, fetu bat izan daitekeena, kume jaioberri bat edo 25 urte baino gehiagoko “indibiduo zahar” bat, besteak beste, Manuel Rodriguez arkeologoak, ikerketaren egile nagusiak, azaldu duenez.

Errinozeroen kasuan “eskeleto osoko zatiak” aurkitu dituzte, “oso egoera onean”, baina mamuten fosilak 30 bat urteko ale bakarrarenak dira, eta soilik bost hezur berreskuratu dituzte, Rodriguezek zehaztu duenez.

Martin Arriolabengoa geologoak erantsi duenez, animaliak “leize-zulora torka batetik erorita heldu ahal izan ziren, tranpa natural batean bidez, alegia; izan ere, aleak bertatik erori ziren” haitzulora, eta koba hilobi eta errinozeroen benetako hilerri bat bihurtu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkartea gaur