Gizartea -
GERTAKARIAK
Bost pertsona intoxikatu dira Tafallan karbono monoxidoa arnastuta
Kaltetuak —senar-emazteak, bi seme-alabak eta emakume bat— Nafarroako Ospitalegunera eraman behar izan dituzte.
EITB MEDIA
Bost pertsona, bi adingabe tartean, intoxikatu dira Tafallako etxebizitza bloke batean, seguruenik galdara komunitarioaren karbono monoxidoa (CO) arnastuta. Nafarroako Ospitalegunera eraman behar izan dituzte.
Intoxikatuak (ez daude larri) Jose Maria Azcona kaleko 15. zenbakian bizi den bikote bat, bikote horren bi seme-alabak eta emakume bat dira.
Familiaren etxebizitzara joan den osasun zentroko mediku-taldearen gas-detektagailuak CO maila altuak neurtu ditu, eta, hori dela eta, Tafallako suhiltzaile-etxeko taldeak eta anbulantziak bidaltzeko eskatu dio 02:48an SOS Nafarroako larrialdiak kudeatzeko zentroari.
Suhiltzaileen gas neurgailuak ere CO maila altuak neurtu ditu etxebizitzan. Familiako kideak ateratzen ari zirela (zorabioak eta buruko mina zuten), gainerako pisuetako gas maila neurtu dituzte; kasu batzuetan maila altua zenez, artatu ondoren, gaua beste leku batean pasatzeko gomendatu diete eta eraikin osoa aireztatu dute.
Geroago, 05:24 aldera, eraikineko beste bizilagun bat (senide baten etxean zegoen ordurako) anbulantzian eraman dute Nafarroako Ospitalegunera, ondoeza areagotu ostean.
Suhiltzaileek eta Tafallako udaltzainek egindako lehen ikuskapenaren arabera, litekeena da karbono monoxidoaren isuria blokeko galdara komunitarioaren funtzionamendu txarraren ondorio izatea, eta, horren aurrean, deskonektatu egin dute.