Gizartea -
GIPUZKOA
Bi urte eta erdiko zigor eskaera, alaba Poloniara eraman zuen emakumearentzat
Ahozko saioa astelehen honetan egitekoa bazen ere, bertan behera gelditu da auzipetua agertu ez delako. Poloniatik deklaratu behar zuen, bideokonferentzia bidez.
O. A. | EITB MEDIA
Gipuzkoako Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du 2014an adin txikiko alaba Donostiatik Poloniara eraman zuen emakumearentzat. Geroztik, Donostian bizi den aitak auzibidea zabalik dauka. 2014an hiru urte zituen adin txikikoak.
Aita ordezkatzen duen Maria Chouza Figueroa abokatuak, bere aldetik, lau urteko zigor eskaera egin du, bi delitu leporatuta. Batetik, modu jarraituan agintaritzari ez obeditzeagatik; bestetik, haurra, baimenik gabe, berarekin eramateagatik. Ministerio Publikoak, ostera, bigarren delitu hori soilik egotzi dio.
Gaur egitekoa zen auzi horri buruzko epaiketa Donostian. Azkenean, ordea, bertan behera gelditu da auzipetua agertu ez delako. Poloniatik deklaratu behar zuen, bideokonferentzia bidez.
Auzipetua epaiketara agertzen ez den hirugarren aldia da. Espainiak emakumearen aurkako euroagindua eskatu zuen alaba bahitu zuelakoan. Aurrez, entzungor egin zien epaitegietako hiru aginduri.
EFE albiste agentziak eskuratu duen atxiloketa aginduaren arabera, emakumea Donostian egitekoa den epaiketa agertzea da helburua. Orain arte, ez da agertu izan, ezta bideokonferentzia bidez ere.
Bikotearen banaketa prozesuaren baitan, emakumea Poloniara joan zen alaba txikiarekin 2014ko uztailean, aitaren "baimenik gabe".
Orain, laugarren aldiz deklaratzera agertu ez denean, aitaren abokatuak emakumeari zigor ekonomikoa jartzea eskatu du, ez obeditzeagatik. Auzi-iheslaritzat jo dute, ez delako agertu epaiketara.