Gizartea -

Auzitegi Gorena

Gorenak atzera bota ditu Cabacas auziko ebazpenaren aurkako helegite guztiak

Ertzaintzaren ofizial bat izan zen zigorra jaso zuen bakarra, 2 urteko espetxealdia eta 4 urteko gaitasungabetzea, hain zuzen ere.

'Cabacas auzia'ren epaiketa. Argazkia: Efe
'Cabacas auzia'ren epaiketa. Argazkia: Efe
'Cabacas auzia'ren epaiketa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela-zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea berretsi du ertzain baten kontra Iñigo Cabacas athleticzalearen heriotzarekin lotuta zuhurtziagabekeria omisibo larria egotzita.

Hori horrela, Zigor Aretoak atzera bota ditu helegite guztiak, zigortutako ofizialarena barne, eta Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren ebazpena berretsi du osorik. Auzipetuta zeuden beste bost agenteak absolbitu egin zituzten ezin izan zutelako egiaztatu nork jaurti zuen Cabacas hil zuen gomazko pilota, eta polizia-operazio hartan parte hartu zuen kargudun gorena da zigortutako bakarra.

Biktima Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota hil zen 2012ko apirilaren 5ean, Athleticek Schalke 04ren aurka jokatu ostean.

Ebazpena iritsi eta berehala, Jorge Aldekoa Ertzaintzaren orduko buruak dimisioa eman zuen, eta orain Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak erabakitakoa, auzipetuak eta Cabacasen gurasoek aurkeztutako helegiteak atzera botata.

Ofizialarekin batera bi furgonetatako bi azpiofizial eseri ziren aulkitxoan, eta beste hiru agente. Bost horiek absoluzioa jaso zuten.

Auzia aztertu ostean, Auzitegi Gorenak ebatzi du "agerian" geratu dela Cabacasen heriotza eragozteko nahikoa zela ertzainak "ez kargatzeko agindu izana", "ez baitzen beharrezkoa".

Familiak gainerako auzipetuak zigortzeko egindako eskaera ere ez du onartu, ezin izan zutelako identifikatu tiroaren egilea.

Epaiketa justurako eskubidea urratu ziotela ere errefusatu du Gorenak, nahiz eta ikerketa eskasa izan zela onartu. Izan ere, Bizkaiko Auzitegiak eskastzat jo zuen Ertzaintzaren ikerketa, gomazko pilotakada batekin zauritutako pertsona bat zegoela jakinda ere armak jaso zituztelako nork erabili zituen jakin gabe, eta "berehala garbitu zituzten", "frogak aurkitzea galaraziz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas Bilbo Ertzaintza Auzitegi Gorena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak