Gizartea -
ATXILOTUA
Adingabeen zentro batetik ibilgailu bat lapurtu eta ihes egiten saiatu da, Gipuzkoan
Bi hezitzaileri mehatxu egin ondoren, gazteak abiadura handian ihes egin du AP-8 autobidean Bilborako noranzkoan, eta ordainlekuetako hesiak hautsi ditu. Azkenean, Arrasaten atxilotu dute.
A. S. | EITB MEDIA
Ertzaintzak 17 urteko mutil bat atxilotu du Arrasaten, Oarsoaldea eskualdeko adingabeentzako zentro batean, bi hezitzaileri mehatxu egin ostean lapurtutako furgoneta batean ihes egin nahian, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Gertakariak asteleheneko 23:30ak aldera izan ziren. Adingabeak, bizi zen zentroko bi hezitzaileri mehatxu egin zien, eta bihurkin batekin kutxa bat indarrez ireki zuen: 176 euro hartu zituen, telefono mugikor bat eta furgonetako giltzak.
Gazteak, ondoren, abiadura handian ekin zion ihesari, 170 kilometro orduko abiaduran, Bilborako noranzkoan, AP-8 autobidean, eta Zarauzko ordainlekuko hesiak hautsi zituen, atzetik zihoazkion Ertzaintzaren patruilen zarata eta argi-seinaleei jaramonik egin gabe. Ihesaldian, gazteak AP-1 autobideko ordainlekuko hesia ere gainditzea lortu zuen Bergara parean.
Goizaldeko 01:00ak aldera, Ertzaintzak ibilgailua geldiarazi zuen Arrasate parean. Agenteek gidaria miatu zuten, eta lapurtutako diru-kopurua, bihurkin bat eta hiru telefono mugikor aurkitu zizkioten, horietako bat bizi zen zentrokoa.
Adingabeari indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta, ibilgailua ebastea, ausarkeriaz gidatzea eta kalteak eragitea egotzi diote.
Ertzain-etxera eraman ostean, astearte honetan Donostiako Adingabeen Fiskaltzaren esku geratuko da.