Gizartea -

'Egun On Euskadi'

Ertzaintzaren "basakeriaren" aurrean, Polizia "eredu propioa" eskatu du Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan duenez, gurasoak "16 urteko seme-alabak babestera" joaten dira Donostiako Trinitate plazara, "printzipioz 'botelioia' egin gabe eserita daudenean".

Arnaldo Otegi. EITBren bideo bateko irudia
Arnaldo Otegi.
Arnaldo Otegi: "Polizia ereduaren inguruko hausnarketa egiteko garaia da"

10:27

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Ertzaintzak San Sebastian egunean Donostiako Alde Zaharrean izandako jokamoldea kritikatu du, eta Polizia ereduaren inguruko hausnarketa eskatu du ETB 1eko "Egun On Euskadi" saioan. "Eredu propio bat egin behar dugu. Badugu aukera beste motatako Polizia bat egiteko", esan du.

Otegik salatu duenez, osasun neurriak betetzen ez direnean Ertzaintzak ez du modu berean jokatzen toki batean ala beste batean. "Joan gaitezen Donostiako beste auzo batzuetara eta ikusiko dugu helduek ere, hainbat tokitan, beste klase batekoetan, sekulakoak egiten dituztela. Ez ditut poliziak han peloteroekin sartzen ikusten", esan du.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu du gurasoak "16 urteko seme-alabak babestera" joaten direla Donostiako Trinitate plazara, "printzipioz botelioia egin gabe eserita daudenean". "Nire adinekoak, kale borrokarekin zerikusia ez dutenak, jipoituak izan dira. Basakeria da, ezin da toleratu, ezin da jendea jo, ezin da auzoa okupatu", esan du Otegik.

Gainera, batzuek "existitzen ez den zerbait errekreatzeko" interesa dutela salatu du, "gertatzen diren basakeriak justifikatzeko". Horiek "onargarriak ez direla" salatu, eta ohartarazi du "edozein momentutan berriz ere hildako bat izan dezakegula". "Sektore interesatuak daude dinamika determinatu batzuk errekreatzen", esan du.

Osasun neurrien alde egin du Otegik, baina horiek betearazteko Ertzaintzaren jokamoldea salatu du: "Osasun publikoaren arazo larri bat daukagu. Norbait egon bada herri honetan neurriak zorrotz betetzearen eta neurri gogorren alde EH Bildu izan da. Eman dezagun biztanleen % 3k ez duela neurririk hartzen eta botelioia dagoela. Nola konpontzen da, pelotazoak botatzen, jendea egurtzen eta auzo bat polizialki okupatzen?".

Otegik Polizia "eredu propio bat" eskatu du, eta horren inguruko hausnarketa abiatzea. Ezker abertzaleak Poliziak "demokratikoa, euskalduna eta herritarra" izatea nahi zuela gogorarazi du, baina "gero egon da egon den historia tamalgarria", eta esan du orain "aukera daukagula ereduari buruz hitz egiteko". "Zein Polizia nahi dugu euskaldunok?", galdetu du.

EH Bilduren koordinatzaile nagusiak uste du "Espainiako Poliziaren eredua" errepikatu dela Euskal Herrian. "Orain dela 50 urte jende guztiak argi zeukan ez genuela nahi Espainiako Poliziaren eredua herri honetan: jotzen duen Polizia, pelotazoak, tortura eta abar". Horregatik, "beste motatako Polizia bat egiteko" hausnarketa eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Berriak Politika Donostiako azken albisteak Ertzaintza Gipuzkoa EAE Gaixotasunak Gizartea bideoak EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Egun on Euskadi Osasun albisteak gaur COVID olatu berria Gazteak albisteak