Gizartea -
Elkarretaratzea
Kalean bizi diren pertsonentzako "baliabide gehiago" eskatu dizkiete erakundeei
Ehun bat pertsona kale-gorrian bizi dira egun, Donostian. Protesta hiriburuko Gipuzkoa plazan egin dute eguerdian.
E. L. | eitb.eus
Dozenaka kolektibo sozialek, alderdi politikok eta sindikatuk deituta, elkarretaratzea egin dute Donostian, erakundeei pobrezia egoeran, etxebizitzarik gabe, kalean bizi diren pertsonentzako “baliabide” eta laguntza gehiago eskatzeko.
Protesta hiriburuko Gipuzkoa plazan egin dute eguerdian. Aldundiaren jauregi aurrean bildu dira manifestariak pankartekin, euskarazko zein gaztelaniazko leloekin: “Teilatu eskubidea”, “Ez utzi inor kalean”, “Etxe bat izatea eskubidea da, egia bihur dezagun” eta “Bidezko gizarte baten alde”.
Donostiako kaleetan bizi diren pertsonen izen, adin eta herritartasunarekin kartelak erakutsi dituzte manifestari askok. Ehun bat pertsona kale-gorrian bizi dira egun, Gipuzkoako hiriburuan.
Elkarretaratzean, Donostiako Harrera Sareko boluntarioek ohar bat irakurri dute: “gizarteak bizitza duin bat nahi duten ehunka pertsona horiek ezin ditu babes gabe utzi”.
“Esfortzu bat egin behar dugu, gizarte osoak, giza duintasunez gutxieneko bat izan dezaten”, azpimarratu du Garazi Montuschik gaztelaniazko irakurketan.
Kalean bizi diren pertsonen izenak, adinak eta herritartasunak. Argazkia: EFE
“Teilatu, bero, janari eta higienea, bakoitzaren proiektuetan pausoak emateko gutxieneko abiapuntua dira. Bazterketan erortzea saihesteko. Gure gizartean euren lekua aurkitzeko”, nabarmendu du Montuschik.
“Errealitate horri heldu diezaiogun. Are ikusiezinagoak bihurtu ez ditzagun. Bakoitza bere tokitik. Erakundeek beharrezko baliabideak martxan jarriz. Herritarrak, harreran inplikatuz. Babes material eta gizatasuna eskainiz. Gure esku dago”, adierazi duenez.
Elkarretaratzea amaitu ostean, Montuschik gogorarazi duenez, “jende askok etxerik gabe jarraitzen du”, “arropa, janaria eta babesa bezalako funtsezko beharrizanen faltan”.
Herritarren laguntzaz gain, udalek, aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak “baliabide askoz gehiago” jarri behar dituzte, bozeramaileak azaldu duenez.
Zentzu horretan, Donostiako hotz aterpetxea “tenperaturak bost gradutik behera jaitsi direnean soilik zabaldu dute”, kritikatu duenez. Azpiegituraren irekiera “termometroaren” menpe ez egotea eskatu du, “negua oso gogorra delako”.