Gizartea -
Protesta
Bi lagun atxilotu dituzte etxegabetze bat galarazteko elkarretaratzean, Gasteizen
Ehun inguru pertsona elkartu dira hiru orduz Herrandarren kaleko etxebizitza batzuetan bizi ziren pertsonen kaleratzea eragozteko.
agentziak | eitb media
Bi pertsona atxilotu dituzte agintarien aurkako atentatua eta erresistentzia larria egotzita, Gasteizko Herrandarren kalean etxegabetze bat galarazteko elkarretaratzean.
Segurtasun Saileko iturrietatik jakinarazi dutenez, 14:00ak baino lehentxeago izan dira atxiloketak, hiru ordu inguru iraun duen elkarretaratzea amaitu denean.
Protesta 10:30 aldera hasi da Herrandarren kaleko 15.aren parean. Ordezkari judizialak agertu dira etxegabetzea burura eramateko, bertan hiru etxebizitza okupatuta daudelako, Udaleko iturrietatik jakinarazi dutenez.
Aipatu iturriek azaldu dute Udaleko zerbitzu sozialak harremanetan jarri direla bi familiarekin eta etxebizitza horietan legez kanpo dauden beste sei pertsonarekin bizileku alternatibo bat eskaintzeko.
Ordezkari judizialak iritsi direnean tentsioa handitu egin da, eta Udaltzaingoak Ertzaintzari eskatu dio laguntza. Istiluen aurkako ertzainak bertaratu dira, eta protestariei alde egiteko eskatu diete, baina azkenean indarrez desegin dute elkarretaratzea.
Ondoren, etxegabetzea burura eraman dutenean, bi lagun atxilotu dituzte poliziaren jarduna galarazten saiatzea egotzita.