Gizartea -
TRAFIKOA
Plaiabarriko lanak hasi dituzte, Arrontegi inguruan trafikoa arintzeko
BI-30 eta BI-637 errepideen arteko lotunea ezabatuko da, bi enborretatik datozen lau erreiei jarraipena emanez. Plaiabarritik doazen ibilgailuak azelerazio-errei batetik sartuko dira.
EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak lanak hasi ditu Arrontegiko zubiaren inguruak jasaten duen zirkulazio-intentsitate handiaren ondorioak arintzeko; kasu honetan, Barakaldoko noranzkoko galtzadaren zatian jardungo da, Kukularrako aldatzailearen eta zubiaren artean.
Gaur egun gaitasun handiko bi bidek bat egiten duten tokian esku hartuko dute: BI-30 errepidea (Txorierriko igarobidea) eta BI-637 errepidea (Avanzada), Arrontegirantz. Biak lau erreirekin iristen dira puntu honetara (bi bakoitzak) eta hirutan batzen dira. 300 bat metro aurrerago, gainera, laugarren errei bat batzen zaie, Plaiabarritik BI-735 errepidetik datorren adarrari dagokiona.
Intentsitate handieneko uneetan, Arrontegiko zubirako trafikoak inbutu-efektua eragiten du, eta ezin ditu hartzen dituen ibilgailu guztiak bideratu. Pilaketa handienak lanegunetako arratsaldeetan (17:00etatik 19:00etara) eta ostiraletako eguerdietan (14:00etatik 15:00etara) izaten dira.
Lanak
Arazo horiek arintzeko lanetan, BI-30 eta BI-637 errepideen egungo lotunea ezabatuko dute, eta bi adarretatik datozen lau erreiei jarraipena emango diete. Plaiabarritik datozen ibilgailuak azelerazio-errei berri baten bidez sartuko dira.
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2,7 milioi euro inbertitu ditu proiektu horretan, eta hamar hilabeteko epea aurreikusi du lanak egiteko.
Lanak osatzeko, horien eragina jasango duen galtzada osoaren geruza berrituko dute; defentsak jarriko dituzte; erdibitzailean hormigoizko hesi zurrun bat jarriko dute, kontrako noranzkoan dagoen galtzadan berriki jarritako arkupe berriak babesteko; argiztapena aldatuko dute; zuntz optikoa kanalizatzeko hodiak berrituko dituzte; 112,5 metroko luzera eta 3 metroko altuera duen horma ainguratu bat egingo dute zabaldu den eremuko eskuineko ezponda bertikalago jartzeko, lur gehiago okupatu gabe; eta landareak jarriko dituzte inguru horretan.
Lanak egiten dituzten bitartean, trafikoari ahalik eta kalte gutxien egiteko ahalegin handia egingo dute, egun erabilgarri dauden erreien kopuru berari eutsiz eta gutxienez 3,30 metroko zabalera emanez bakoitzari.