Gizartea -
Iruñea
Mayak ez du baztertzen sanferminetan ekitaldiren bat egitea
Azpimarratu du sanferminak oraindik ez dituela "bertan behera utzi", eta aitortu "ilusio handia" egingo liokeela zezenketak antolatzea, beste hiri batzuetan ere egiten badituzte.
agentziak | eitb media
Enrique Maya Iruñeko alkateak aitortu du "gauzak asko aldatu" beharko liratekeela aurten betiko sanferminak ospatu ahal izateko, baina esperantza du pandemiak hobera egingo duela eta uztailaren 6tik 14ra "ekitaldi batzuk" antolatu ahal izango dituztela, tartean zezenketak.
Alkateak Eferi adierazi dionez, sanferminak oraingoz ez ditu "bertan behera utzi", baina "guztion ustea da gauzak asko aladatu beharko liratekeela betiko moduan ospatzeko".
Hala eta guztiz ere, "esperantza" agertu du pandemiaren egoerako hobera egin dezan, "ekitaldi batzuk ospatu ahal izateko", eta zentzu horretan ari omen dira lanean.
Horren harira, udaberrian eta udan kultura programazio bat osatzen dihardute, eta hor "sanferminetarako zerbait sartzen" saiatuko omen dira.
Uztaileko egun horietan beste hiri batzuetan zezenketak egiteko aukera badago, Iruñeko Udalari "ilusio handia" egingo omen lioke Iruñean ere antolatzea.
Gainera, gogorarazi du Iruñeko zezen plaza Misericordi Etxeak kudeatzen duela, eta diru-sarrerak beretzat direnez, "bidezko kausa" bat izango litzatekeela.
Maria Chivite Nafarroako presidenteak egindako adierazpenen ondoren jaiak bertan behera geratu zirela ulertu zela eta, alkateak esan du argitua dagoela gaia, eta "oso zuhur" jokatu beharra dagoela, egin daitekeena "neurtuz".