Gizartea -
Erresuma Batua
JK Rowlingek eta Sienna Millerrek entzuketen auzian deklaratuko dute
Aktoreak eta Harry Potterren istorioen idazleak deklaratuko dute gaur Londresko auzitegian, "News of the World" aldizkariak ospetsuei eta aberatsei egindako entzuketen auzian.
Erredakzioa
JK Rowling idazleak, Harry Potterren istorioen sortzaileak, Sienna Miller aktoreak eta Max Mosley Bat Formulako arduradun ohiak deklaratuko dute gaur prentsa britainiarraren legez kanpoko entzuketak aztertzen dituen auzian.
Gaurko saioan Rowlingek deklaratuko du, idazleak lehenago ere salatu zuen "paparazziek" bere seme-alaben argazkiak jaso izana. Miller eta Mosley, berriz, telefono bidezko entzuketen biktima izan ziren.
Horiez gain, pertsona anonimo batek ere deklaratuko du gaurko saioan, antza ospetsu batekin izandako harremanaren ostean telefono bidezko entzuketak jasan zituen.
Aste honetan, hain zuzen, Hugh Grant aktoreak eta Gerry eta Kate McCann, Portugalen desagertu zen Madeleine McCann neskatoaren gurasoek, deklaratu dute.
"News of the World", uztailean itxi zuten, urte askotan jende aberatsari eta ospetsuei telefono bidez entzuketak egitea leporatzen diete arduradunei.
Espioitza kasua 2006ean ezagutu zen, baina Poliziak ikerketa itxi egin zuen. Joan den urtarrilean, ordea, eskandalua ikertzen hasi ziren berriro.