Gizartea -
INGURUMENA
Ekiola sortu dute, energia berriztagarrien kooperatibak bultzatuko dituen ekimena
Ekimen aitzindari honek herritarrei energia berriztagarrien sorkuntzan eta kudeaketan parte hartzeko aukera emango die, udalerrietan eta eskualdeetan instalatuko diren eguzki-parkeen bitartez.
A. S. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako eta Corporacion Mondragoneko energia alorreko goi mailako ordezkariek eman dute ezagutzera gaur goizean, Txillida Lekuko Zabalaga baserrian, Ekiola Energia Sustapenak sozietatearen sorkuntza, energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatiben sustapenari zuzenduriko sozietatea.
Aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak, Iñigo Ucin Corporacion Mondragoneko presidenteak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jon Berbel Kreaneko zuzendari nagusiak hartu dute parte.
Energiaren Euskal Erakundearen eta Kreanen arteko lankidetza honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoan energia aldaketaren Europako estrategia abiarazi eta aurrera eraman ahal izango da. Herritarrak energia berriztagarriak sortzen eta kudeatzen ahalduntzean datza, kontsumitzaile aktiboaren eta komunitate energetikoaren figura berrien bidez.
Kooperatiba formatuko komunitate energetikoak sortzeak energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko hainbat instalazio-proiekturi bide ematen lagunduko dio. Komunitate horiek sistema elektrikoaren barruan jarduten dute eta eginkizun bat betetzen dute, tokiko administrazioekin eta hurbilekoekin batera.
EEE eta KREAN erakundeek integrazio masiboko eredu bat eratu nahi dute, ezartzen den udalerri bakoitzean energiaren ikuspegia aldatuko duena, beren komunitatea autokudeaketa kooperatiboko errealitate batean integratuko duena eta proiektuarekin bat egiten duten pertsona guztien energia-beharrei erantzungo diena.
Azpeitia izango da eguzki-instalazio bat abian jarriko duen lehen herria. Gainera, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek akordio bana sinatuko dute datozen egunetan sozietatearekin, beren lurraldeetan horrelako azpiegiturak bultzatzeko.
Energia-kooperatibak
Kooperatibak sortzeak, herrialdearen balioekin eta egitura ekonomikoarekin bat egiteaz gain, auzotar askok parte har dezaketen proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzen du.
Formula horri esker, dimentsio esanguratsuko energia-azpiegiturak egongo dira (1 MW eta 5 MW arteko potentzia duten eguzki-parkeak), eta horiek hurbileko energia sortuko dute (0 kilometrokoa), azken helburu honekin: kooperatibako kide diren pertsonek edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiez baliatzea, instalazio horiek berezkotzat identifikatzea eta horietan kontsumo elektriko osoaren energia-bolumen baliokidea sortzea.
Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den sistematika kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzean oinarritzen da, etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostuarekin.
Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, sortze-kostu egonkorrarekin eta eragiketa-epe oso luzearekin (25 urte edo gehiago), eta pertsona edo familia-bolumen handi batentzat kudeatuko da; hala, instalazioek tamaina ertaineko edo handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte.
Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan; horrela, bakoitzak urtero ikusiko du bere instalazioa sortzearen emaitza, bai ekonomiari dagokionez, bai elektrizitateari dagokionez, eta horien inpaktua aztertu ahal izango du, ingurumenari, iraunkortasunari, ingurunerako aberastasunaren sorrerari eta kontsumoaren ekonomian duen eraginari dagokienez.
Gaur egun, hainbat udalerri eta administraziorekin harremanetan jarri dira, eta zenbait fasetan aurrerapausoak eman dituzte, lehen kooperatibek 2021ean argia ikus dezaten.