Gizartea -

Internet seguruaren eguna

Haurren eta gazteen ongizatea arriskuan, pantailen gehiegizko erabileragatik

Unicefen arabera, arduratzeko modukoa da adingabeen osasun fisiko eta emozionala: kalean geroz eta gutxiago dabiltza, lo-orduak galtzen ari dira eta antsietate sintoma gehiago dituzte.

Bi adingabe, sakelako telefonoari begira Argazkia: Unicef
Bi adingabe, sakelako telefonoari begira
Bi adingabe, sakelako telefonoari begira Argazkia: Unicef

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unicefen zuzendari exekutibo Henrietta Forek ohartarazi du, covid-19aren krisia dela eta, adingabeen bizitza askoz mugatuagoa dela orain, eta askorentzat internet dela entretenitzeko, sozializatzeko eta ikasteko bide bakarra. "Horrek arriskua dakar", esan du.

Internet seguruaren eguna aitzakia hartuta, guraso eta hezitzaileei zuzendutako galdetegi bat prestatu du Unicefek, nerabeengan mundu digitalak ekar ditzakeen arriskuen jakitun diren ezagutzeko.

"Teknologiak eta digitalizazioak haurren ikasketetan sekulako abantaila ekarri badute ere, erreminta horiek arriskua sor dezakete gaztetxoen artean. Pandemia hasi aurretik ere, internet bidezko sexu esplotazioa, eduki iraingarriak, desinformazioa eta zibererasoak egon bazeuden, eta ondorioz, umeen eskubideak, segurtasuna eta ongizatea arriskuan zeuden", zehaztu du Forek.

Interneten zein saretik kanpo, arrazoi ezberdinengatik, sufrimendua jasaten duten adingabeentzat are arriskutsuagoa izan liteke pantaila aurrean denbora asko igarotzea. "Eskolak itxi dituzte, aurrez aurreko harremanak gutxitu dira, zerbitzuak murriztuta daude eta familia zaurgarrienengan presioa hazi egin da. Hortaz, zailagoa egiten zaie babes neurriez baliatzea", adierazi du Forek.

Halaber, Unicefen arabera, arduratzeko modukoa da adingabeen osasun fisiko eta emozionala: kalean geroz eta gutxiago dabiltza umeak, lo-orduak galtzen ari dituzte, antsietate sintoma gehiago dituzte eta elikadura gutxiago zaintzen dute.

Testuinguru horretan, gobernuei eskatu die osasun langileekin, hezkuntza arloko profesionalekin eta zerbitzu sozialekin elkarlana bultzatzea, covid-19aren ondorioek umeengan izan dezaketen eragina eta internetek sortzen dituen arriskuak aztertzeko.

Amaitzeko, beharrezkotzat jo du osasun mentalarekin eta haurren babesarekin lotutako zerbitzuak "indartzea", pandemian ere martxan egon daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia WhatsApp Telefonia mugikorra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Internet Gobernuz Kanpoko Erakundeak Koronabirusa Gazteak bizimodu osasungarrirako ohiturak