Publizitatea
Itxi

2021/02/10

11:15

Gizartea

ELKARRIZKETA

Jokin Bildarratz: "Miraria da ikasgelen % 98,7 zabalik egotea"

O. V. | EITB MEDIA

Hezkuntza Sailak 115 milioi euro inbertitu ditu, koronabirusagatik bakarrik.

  • Jokin Bildarratz Radio Euskadin

    Jokin Bildarratz Radio Euskadin. Argazkia: Radio Euskadi

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

229 ikasgela zeuden koronabirusagatik itxita, atzo, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). "Hau Tourmalet (mendatea) igotzea bezala da eta kostatzen ari da", esan du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. Hala ere, ikasgelen % 98,7 zabalik daudela azpimarratu du. Ildo horretan, helburua aurrez aurreko hezkuntza bermatzea dela gaineratu du.

Koronabirusa ikasgeletan izaten ari den intzidentzia aintzat hartuta, irizpideak aldatu dituztela azaldu du Hezkuntza sailburuak. "Orain dela 15 egun kontaktu estu bezala jotzen ziren positibo batengandik metro eta erdira egondakoak", orain, ostera, "bi metrora" dagoena hartzen da kontuan. Beraz, "gela kopurua handitu behar da", zehaztu du. Osasun Sailak ezarritako protokoloen gainean lanean ari diren ikastetxeen "ahalegin handia" nabarmendu du. "Gauzak ondo egiten ari bagara, Osasun Saila aholkuak ematen ari zaigulako da, elkarlanean ari gara".

Jokin Bildarratzek gogoratu duenez, "oraindik alarma egoeran gaude", eta Hezkuntza Sailetik "115 milioi euro" inbertitzen ari dira koronabirusagatik bakarrik, hau da, "Radio Euskadiren aurrekontua baino zortzi aldiz gehiago eta Eusko Legebiltzarraren funtzionamendurako aurrekontua baino hiru aldiz gehiago ".

Hezkuntza sailburuak aurrekontua xehatu du: "1060 irakasle baino gehiago eta jantokietan 1150 profesional baino gehiago jarri ditugu. Ikastetxe publikoen gastua 68 milioi eurotik gorakoa da eta itunpeko ikastetxeena, ostera, 38 milioi eurotik gorakoa. Udalen garbiketa gastuak ordaintzeko 2,5 milioi euro baino gehiago jarri dira. Garbiketan eta segurtasunean milioi bat euro baino gehiago inbertitzen ditugu, hilero, zentro guztietan". Gainera, irailetik urtarrilera bitartean, "irakasleen 19.378 ordezkapen egin dira, iaz baino % 23 gehiago". Horrez gain, hainbat herritako zentroetan "110 karpa" jarri dira eta hiru milioi euro inguru baliatu dira horretara. "Kontuan izan behar dugu ahalegin handia dela", gehitu du.

Mahai sektorialaren harira, sindikatuek jarrera harbera dutela eta "akordioak lortu arte eserita" jarraituko dutela adierazi du.

Datorren urterako matrikulazioari buruz galdetuta jaitsiera izan dela onartu, "% 9 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta". Dena dela, "helburua hezkuntzaren kalitatean lan egitea" da.

Erredakzioan itzulia

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena