Gizartea -

EMAKUME ZIENTZIALARIEN EGUNA

Osakidetzako ikertzaileen % 65 emakumeak dira

Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikguneko ikerketa-jardueren buru diren emakumeen kopuruak gora egin du azken urteotan.

Osakidetzako ikertzaileen % 65 emakumeak dira. Argazkia: pixabay
Osakidetzako ikertzaileen % 65 emakumeak dira
Osakidetzako ikertzaileen % 65 emakumeak dira. Argazkia: pixabay

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute, beste behin, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin, haien zentroetako ikerketa-arloko profesionalekin batera. Emakumeek eta neskek sektore horretan erabateko sarbide zuzena izatea du helburu egun honek.

Zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken sektoreetan urteak daramatza genero-arrakalak, mundu osoan. Eusko Jaurlaritzak zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duen konpromisoa eta bikaintasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua berretsi nahi izan ditu.

EAEn, Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroetan bikaintasuneko ikerketa proiektuak garatzen dituen emakume-kopurua gizonena baino handiagoa da. Zehazki, zentro horietan, ikerketako 2.859 profesional daude eta, haietatik, % 65 emakumeak dira; alegia, 1.858. Proiektu horien lidergoa onartzen duen emakume-kopuruan ere nabaritzen da gorakada. Zehatzago esateko, proiektuetako buru diren langileen % 50 baino gehiago emakumeak dira (guztira 448 dira, eta, haietatik, 223 emakumeak dira).

I+G+b arloarekin zerikusia duen jarduera % 8 hazi da 2020an EAEn. Gauzak horrela, nabarmentzekoa da garatzen ari den proiektu-kopurua % 70 hazi dela azken bost urteotan (saiakuntza klinikoak barne), baita euskal enpresekin elkarlanean eginiko proiektuen kopurua ere (gaur egun 85 dira).

Euskadiko Osasun Sisteman ikerketen bidez lantzen dituzten gaien artean, I+G jarduerak onkologian (% 17) eta neurologian (% 16) duen eragina azpimarragarria da, eta, ondoren, endokrinologiaren, psikiatriaren eta arnasketaren arloan (% 6, hurrenez hurren).  

Gainera, legealdi honetan, osasun-berrikuntza eta ikerketa sustatzen jarraitzeko, honako estrategia eta tresna hauek onetsiko dira: 2021-2024rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria eta osasun-ikerketarako tresna estrategiko berria, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren esparruan.

Emakumeen % 25ek soilik aukeratzen ditu titulazio teknikoak

Hala ere, emakumeen % 25ek bakarrik aukeratzen dituzte ingeniaritza eta arkitektura bezalako titulazio teknikoak EAEn, nahiz eta euskal unibertsitate-ikasleen % 54,8 emakumeak izan.

Zientzia, ingeniaritza, teknologia, arte eta matematika ikasketak kontuan hartuz gero, emakumeak kopuru guztiaren % 31 dira, eta datu hori are gehiago jaisten da, % 9raino, euskal lanbide-heziketan.

Datuok Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak eman ditu inspira Steam programaren hitzarmenaren sinaduran. Deustuko Unibertsitateak eta Arabako Foru Aldundiak ere parte hartzen dute hitzarmen horretan, eta neskatoen artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzea du helburu.

Ostegun honetan, Gasteizko Artium museoan, Zientzian dauden Nesken eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta egindako ekitaldian, Epalzak nabarmendu du beharrezkoa dela "talentua txertatzea" eta bokazio zientifikoak, teknologikoak eta berrikuntzakoak sustatzea emakumezko ikasleen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakunde albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa