Gizartea -

ARABA

Atxilotu bat Gasteizen, sexua izatearen truke adingabeei dirua eskaintzeagatik

13 eta 15 urteko hiru neskak salaketa aurkeztu dute. 21 urteko atxilotuak Instagram sare sozialaren bitartez egiten zien proposamena adin txikikoei.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 21 urteko gazte bat atxilotu du, 13 eta 15 urte bitarteko hiru neskari sexu harremanak izatearen truke dirua eskaintzea egotzita. Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, asteazkenean egin zuten atxiloketa.

Duela hilabete abiatu zuten ikerketa 13 eta 15 urte bitarteko hiru neskak aurkeztutako salaketen harira. Adin txikikoek salatu dutenez, Instagrameko erabiltzaile batek dirua eskaini zien, berarekin eta beste pertsona batekin sexu harremanak izatearen truke.

Nerabeek mezu horien berri eman zieten beren familiei, eta horiek gertatukoaren berri eman zioten Udaltzaingoari. Lehen salaketa urtarrilaren amaieran jaso zuten.

Ikerketaren baitan agenteek jakin ahal izan zutenez, gertakari horien atzean pertsona bakarra zegoen. Profil faltsu bat sortu zuen Instagramen, errealitatearekin bat ez zetorren argazki batekin.

Atxiloketaren ostean, agenteek hainbat gailu elektroniko konfiskatu zizkioten gazteari, interneten egindako mugimenduak aztertzeko.

Ikerketak zabalik jarraitzen du biktima gehiago egon daitezkeen ala ez egiaztatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak Sare sozialak albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Instagram