Gizartea -
Koronabirusa
25 pertsona salatu ditu Ertzaintzak Erandion kalean edateagatik
Bestalde, Mungian urtarrilaren 16an ertzainekin izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik hamabi gazte igaroko dira epailearen aurrean, ikertu gisa.
M. D. | EITB Media
Ertzaintzak Astrabuduako institutuaren ondoan, Erandion (Bizkaia), botiloi batean parte hartzen ari ziren 25 pertsonaren kontrako salaketak jarri ditu. Gainera, osasun neurriak ez betetzeagatik 94 zigor jarri dizkiete.
Segurtasun sailak esan duenez, ostiralean, 23:00ak inguruan, Ertzaintzaren patruilek 25 pertsonako talde bat aurkitu zuen Erandion, kalean edaten.
Ertzainek 94 zigor jarri zizkieten osasun neurriak ez betetzeagatik, lau pertsona baino gehiagoko taldeetan bilduta zeuden, alkohola kalean edaten ari ziren eta etxeratze agindua baino beranduago zen. Gainera, horietako 19k mugikortasun murrizketak urratu zituzten.
Bestalde, hamabi gazte epailearen aurrean igaro beharko dira, ikertu gisa, erresistentzia eta istilu publikoen ustezko delituengatik, Mungian urtarrilaren 16an izandako istiluekin lotuta.
Momentu horretan, Ertzaintzak azaldu zuenez, "hainbat pertsonak neurriak betetzen ez zituzten" kale batera joan ziren zenbait patruila, gazteren batek ertzainaren kontra egin zuen, eta 19 urteko gizon bat atxilotu zuten, autoritate agenteen kontrako atentatuagatik.
Poliziaren ikerketen ostean, hamabi gizonezko identifikatu dituzte, ustez istiluekin lotuta egoteagatik. Atestatua Gernikako Auzitegira bidali dute, eta deitzen dutenean epailearen aurrean deklaratu beharko dute.