Gizartea -

Etxe-lapurretak

Etxe-lapurretak egiten dituen talde kriminal bateko bi kide atxilotu dituzte Loiun

Atxilotuei Nafarroako Foru Erkidegoan egindako zenbait lapurreta egozten zaizkie.

Ertzaintzaren kotxe-patruila bat. Argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzaren kotxe-patruila bat.
Ertzaintzaren kotxe-patruila bat. Argazkia: Ertzaintza

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak talde kriminal bateko kide ziren 36 urteko gizon bat eta 21 urteko emakume bat atxilotu ditu Loiuko aireportuan (Bizkaia), Nafarroako Foru Erkidegoan hainbat etxetan lapurretak egitea leporatuta. Astelehenean, otsailaren 15ean, atxilotu zituzten, mugitzeko erabiltzen zuten alokairuko kotxea entregatu eta gero.

Dirudienez, modus operandi hau erabiltzen du taldeak: familia bakarreko etxeetara sartzen dira ilunabarrean, lehenengo solairura igotzen dira alarma sistemari iskin egiteko, eta ateak eta leihoak blokeatzen dituzte bihurkinez edota antzeko tresnak baliatuz. Poliziaren kontrol lana zailtzeko, alokairuko kotxeak erabiltzen dituzte eta bizitokiz aldatzen dira egunero.

Foruzaingoak eta Nafarroako Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Operatiboak helarazitako informazioari esker, baina, Ertzaintzak taldeko kide batzuk aurkitu eta zaintzapean jarri zituen otsailaren 9an. Ikerketa Kriminalaren Zerbitzuak egindako behaketa zorrotzari esker jaki dutenez, Muskiz eta Getxoko etxeak aztertzen ari ziren, etxebizitza horietan egin nahi zituzten lapurretak prestatzeko.

Zenbait egiaztapen egin ondoren, atxilotu egin zituzten biak, Nafarroan egindako lapurreten egileak izatea egotzita, eta, ondoren, epailearen esku utzi zituzten. Bestalde, egiaztapen horiei esker baieztatu dute taldea beste probintzia batzuetan ere aritu dela; Castellon eta Alacanten, besteak beste.

Informazio guztia Nafarroako Foruzaingoari eta Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Operatiboari helarazi diote, antzeko beste gertakari batzuetan parte hartu duten argitzeko behar diren ikerketa eta egiaztapenak egin ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Ertzaintza Bizkaia Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa Lapurretak Etxebizitza