Gizartea -

Osasun Departamentua

Nafarroako Parlamentuak pediatria lurralde osoan indartzeko eskatu dio Gobernuari

Lurralde osoan osasun-estaldura bermatzeko plan bat egin dezan eskatu diote Gobernuari, haurrentzako osasun-arreta hobetze aldera.

Nafarroako Parlamentuaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Nafarroako Parlamentua
Nafarroako Parlamentuaren artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak pediatria lurralde osoan indartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, osasun-estaldura erkidego osoan bermatuko duen plan bat prestatzeko eta abian jartzeko proposatzen duen mozio baten bitartez. Alderdi guztiek babestu dute EH Bilduk aurkeztutako proposamena, Navarra Suma alderdiak izan ezik, abstenitu egin baita.

EH Bilduko parlamentari Txomin Gonzalezek aditzera eman duenez, mozioaren helburua da Nafarroako pediatriaren osasun arretaren zenbait aspektu hobetzea.

Gainera, azaldu du covid-19ari lotutako arazoek osasun-sistemak dituen gainerako arazoak estaltzen dituztela.

Halaber, salatu du pediatrian diharduten profesionalak eta erizainak gutxi direla, eta aurrez aurreko osasun arreta hobetzeko eta kalitatezko zerbitzu bat emateko plan baten beharra azpimarratu du.

Ekimena babestu duten alderdiei dagokienez, PSNk Nafarroako osasun sistema goraipatu du, eta aitortu du duela urte asko falta direla pediatrak, planifikazio gabezia eta administrazioen erabilera eskasaren ondorioz.

Geroa Bairen aburuz, oso aspalditik sakoneko arazo bat duen auzi bat da, aspaldi aurreikusi baitzuten pediatrian oso arazo larria izango zela. Gainera, MIR azterketa egiteko Estatu osoan dagoen plaza kopuruari egotzi dio horren errua, ez zutelako behar beste handitu plaza kopurua.

Podemos-Ahal Duguk nabarmendu du berriztatze tasak sarbidea zapuzten duela , eta, gaineratu duenez, zerbitzu publikoak indartu beharrean "sufrimenduko hamarkada bat" zorra ordaintzen emateak eragin du egungo egoera.

Izquierda-Ezkerrak berriztatze tasen murrizketa jo du egoeraren erantzuletzat, eta aurreko bi legealdiak egin ditu horren erantzule, ez baitzituzten osasun arloko plazak deitu.

Navarra Suma, bere aldetik, abstenitu egin da mozioaren zenbait alderdirekin ez datorrelako bat, eta plan bat egiteko sei hilabete behar izana deitoratu du, hitzetatik ekintzetara pasatu behar dela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Geroa Bai Nafarroa Alderdi politikoak Gizartea EH Bildu Izquierda-Ezkerra Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Umeak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak